Aiarako EAJk proposatu du Luiaondoko Barrena auzoan hurbileko bulegoa jartzea, bizilagunak birgaitzeari lotutako dirulaguntzen berri izan dezaten. Zerbitzu horren funtzioa, berez, aholkularitza emateaz gain, erakundeei begirako lehiatila bakarra eskaintzea izango litzateke.
Hain zuzen, Opengela programa baliatzea iradoki dute jeltzaleek: "Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk eskatzen diogu Aiarako Udalari has ditzala Eusko Jaurlaritzarekin behar diren kudeaketak ekimen hori nola sustatu aztertzeko, eta, jarduera-esparrua zehaztu ondoren, dei ditzala informazio-bilerak egoiliarrekin, beren auzoa biziberritzen inplikatzen direla bermatzeko".
Jeltzaleek aipatu dute 2020an auzuneko atzeko partean aparkalekua egin zutela alkatetzan zeudelarik eta laster Administrazio Batzarrak esku-hartuko duela aurreko aldean, zerbitzuak hobetzeko eta bestelako hiri altzariak instalatzeko.
Oposizioko taldearen aburuz, etxebizitzak ere birgaitzeko beharra dute, eraikinak 1960ko hamarkadakoak baitira. "EAJ-PNVtik azpimarratu nahi dugu birgaitzeak jarduera puntualetatik harago joan behar duela eta eraikinen hobekuntza integralari ekin behar diola, espazio osasungarriagoak, irisgarriagoak eta energetikoki eraginkorragoak sustatuz. Gainera, hezetasunik gabeko etxebizitzek asma edo erreuma bezalako gaixotasunen arriskua murrizten dute, irisgarritasun unibertsalak pertsona guztiei bizitza errazten die eta eraginkortasun energetiko hobeak berokuntzan eta hoztean aurreztea dakar", azaldu du Gentza Alamillo taldeko bozeramaileak.
1960ko eraikinak
EAJk azaldu duenez, Barrena kaleak 58 etxebizitza, 14 garaje, 6 trasteleku/biltegi eta bi merkataritza-lokal itxi ditu. Eremua 1960ko hamarkadan eraiki zuten eta jeltzaleek adierazi dute Aiarako Udala Eusko Jaurlaritzarekin jarri beharko litzatekela harremanetan birgaitze prozesua bultzatzeko.