Tokiko erakundeen finantzazioa hobetzeko urratsak exijitu dizkie Aiarako Udalak Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari

Erredakzioa 2025ko ots. 25a, 10:22

Aiarako Udalbatza, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

EH Bilduk eta Aiara Batuzek mozioa onartu zuten aldarrikatzeko udalek finantzazio gehiago behar dutela, euren eskumenak biderkatu baitira azken zortzi urteetan.

EH Bilduk eta Aiara Batuzek mozioa aurkeztu eta onartu zuten pasa den asteko udalbatzan eskatzeko Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari urratsak ematea udalen finantzazioa berrikusi eta hobetzeko.

Bi taldeek argudiatu dute duela zortzi urte onartutako EAEko Toki Erakundeen Legeak bultzatu duela tokiko erakundeen autonomia, eskumen gehiago emanda herritarrengandik gertuen dagoen instituzioari. Dena den, "kontuan izan behar da 19/1997 Foru Arauan jasotzen den Arabako Toki Erakundeen finantzazioak eta berau banatzeko irizpideak 27 urte baino gehiago daramatzala ia eguneratu gabe eta, gaur egun, euskal gizarteak dituen erronkei Toki Erakundeetatik erantzun ahal izateko dauden zailtasunak agerikoak direla", erantsi dute. 

EH Bildu eta Aiara Batuzen ustez, gero eta eskumen gehiago hartu dituzte udalek euren gain, baina euren finantzazioa ez da handitu.

Horrekin esan nahi dute gizarteak gero eta erronka gehiago dituela udalen esku geratzen direnak: digitalizazioa, demografia, zaintza, trantsizio ekosoziala... baina tokiko erakundeen finantzazioa ez dela aldatu. Madrilgo Kongresuak eta Eusko Legebiltzarrak onartutako sektore legeen eskutik ez da finantzazioa eraldatzeko proposamenik heldu, EH Bildu eta Aiara Batuzen ustez, nahiz eta tokiko erakundeek gero eta betebehar gehiago izan (amiantoa kentzea, adibidez).

Ekintza plana

Bi talde politikoek aipatu dute ez direla landu 2018. urtean Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak egindako EAEko erakunde maila desberdinen eskumen propioen eta finantzaketaren azterketa orokorrak dokumentuan ebatzitako ondorioak eta, aldi berean, Arabako Foru Aldundian ez dela eraldatu Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa.

Hori guztia dela, hurrengo ekimenen alde bozkatu zuten EH Bilduk eta Aiara Batuzek:

  1. Aiarako Udalak Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari eskatzen die, “EAEko erakunde maila desberdinen eskumen propioen eta finantzaketaren azterketa orokorrak” dokumentuak ezarritako gomendio guztiak bete ditzatela.
  2. Aiarako Udalak EUDELi eskatzen dio, udal interesen defentsan, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan aldarrikatu dezala “EAEko erakunde maila desberdinen eskumen propioen eta finantzaketaren azterketa orokorrak” dokumentua berrikusi dezala 3 hilabeteko epean.
  3. Aiarako Udalak berresten du Toki Erakundeak finantzatzeko eredua aldatu egin behar dela eta Arabako Batzar Nagusiei eskatzen die Arabako Kontzeju, Udal eta Kuadrillek gure gizarteak dituen erronkei erantzun egokia eman ahal izateko Foru Aldundiak erabilgarri dituen baliabideen portzentajea handitu dezatela, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa igotze aldera.
  4. Aiarako Udalak Arabako Foru Aldundiari eskatzen dio 2018ko Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren Ponentziaren ondorioetan oinarritutako Foru Araua aldatzeko proposamena aurkeztu dezala 6 hilabeteko epean.
  5. Aiarako Udalak Arabako Foru Aldundiari eta Batzar Nagusiei eskatzen die Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa aldatzeko eta eguneratzeko beharrezkoak diren lege-aldaketei ekiten dietenean, Toki Erakunde guztiei zuzenean parte hartzeko aukera eman diezaietela; horretarako, nahikoa bitarteko prestatuko dituzte Kontzejuek, Udalek eta Kuadrillek beren ekarpenak egin ahal izateko.
  6. Mozio hau Aiarako Administrazio Batzordeetara, Arabako Kontzeju Elkartera, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari, EUDELera, Arabako Batzar Nagusietara, Arabako Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide