Ikasbegi proiektua aurkeztu berri duzue, argazkilaritza bide, inklusio soziala helburu duen egitasmoa. Zertan datza zehazki ekimenak?
Kulturbegi kooperatibak sustatutako egitasmoa da Ikasbegi. Argazkilaritzaren dimentsio anitzak jorratuz, baztertze arriskuan dauden kolektiboak ahalduntzea du helburu Ikasbegik. Bazterturiko eta ahotsik gabeko komunitateez ari gara. Gizarteak sortu dizkien problematikak argitara ateratzeko baliabiderik ez duten komunitateak. Argazkilaritzak beharrezko tresnak eskaini ditzake gizarte bazterketa egoerei aurre egiteko.
“Kulturbegi kooperatiba hauspotu dugu argazkilaritza erladaketa sozialerako tresna izan dadin”
Nola sortu zen gisa honetako proiektua sortzeko beharra?
Azken urteetan Kulturbegi kooperatiba hainbat proiektutan inplikatuta ibili da. Besteak beste, Aukerak elkartearekin formakuntza ikastaroak eskaini ditugu Araba eta Bizkaiko espetxeetan. Espetxeetan egindako lan horrek, Bakerako Lankidetza Batzarrarekin (BLBB/ACPP), Izaera Deustu eta San Ignazioko emakume elkartearekin eta AMUGE emakume ijitoen kolektiboarekin egindako lan guztiek, esperientzia izugarria eskaini digute eta, hein handi batean, horrek bultzatu du Ikasbegi ekimenaren sorrera.
Atzera begiratuz eta egindako lan guztia birpasatuz, ohartu ginen argazkilaritzari loturiko prozesu terapeutiko eta parte-hartzaileek, argazkilaritzaren ezagutzatik haratago ere bestelako onura oso garrantzitsuak sortzen dituztela.
Zaballa eta Basauriko espetxeetako esperientzia bereziki izan zen ikasgai baliotsua. Helburu nagusia ikastaro horiek helburu sozio-laboralekin lotzea zen. Formaziora bideratutako ikastaroak ziren, baina beste zerbait bilakatu ziren ere, Ikasbegiren ernamuina.
Abagune horretara joz, nola sortu zen aukera hori?
2022an hasi zen guztia. Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentzia Kulturbegi kooperatibaren parte den Blackkamera eskolarekin jarri zen harremanetan hasiera batean. Zaballako espetxean formakuntza tailer bat eskaintzeko aukera aurkeztu ziguten mahaigainean. Jadanik existitzen zen tailer bati jarraipena ematea izango zen gure ardura, hain zuzen ere, Zaballako espetxeko atal soziokulturala kudeatzeaz arduratzen zen tailerrari. Formakuntza profesionalera bideratutako egitasmoa zen, eta bertan parte hartzen zuten presoak espetxeko areto nagusiko programazioa dokumentatzeaz arduratzen ziren. Hori dela, eta ezagutza tekniko batzuen beharra zuten, bertako jarduerarekin aurrera jarraitu ahal izateko, ahalik eta modurik profesionalenean.
Baiezkoa eman genien, eta Aukerak arduratu zen beharrizan teknikoak lortzeaz; argazki kamarek, tripodeak... Santy Yaniz bideolariak eta nik 2022ko abenduan ekin genion ikastaroari. Askatasunaz gabetutako 14 pertsonarekin abiatu genuen esperientzia, 10 gizon eta 4 emakumerekin. Zerotik hasi genuen formakuntza. Arlo digitala ez zuten menderatzen, eta gutxi batzuek soilik izan zuten aspaldi harremana argazki kamera analogikoekin.
Hasiera batean martxora arteko iraupena izango zuen ikastaroak. Santik eta nik helburu bakar bat jarri genion gure buruei: tailerreko partaideei espetxeko areto nagusian egiten ziren ekinzta guztiak dokumentatzeko gaitasunak eskaintzea.
Ikastaroak aurrera egin ahala, ordea, erronka berriei heldu zenieten.
Erreminta eta ezagutza desberdinak partekatzen egon ginen 2023ko otsailera arte. Otsaila erdialdean, ordea, Martxoak 8aren testuinguruan zerbait prestatzeko proposamena jaso genuen tailerrean. Ideia desberdinak jarri ziren mahaigainean. Ez zegoen ideia argirik hasieran. Premisa nagusia zen argazki batzuk egitea eta horiek areto nagusiko sarreran erakustea, martxoaren 8an egingo zen ekitaldiaren barruan.
Kontu desberdinak planteatu ziren, eta haien bideragarritasuna aztertu genuen lanean hasi aurretik. Espetxe baten barruan ez da horren erraza argazkiak egitea. Zuzendaritzari baimena eskatu genion eta inolako arazorik gabe eskaini zigun. Eskertzekoa da espetxeko zuzendaritzaren eta tailerraren artean egon den elkarren arteko konfiantza.
“Emakume presoen presentzia argazkien bidez aldarrikatu dugu”
Behin baimena lortuta lanari ekin genion. Guztira 29 emakume presoren erretratuak egin genituen erakusketa osatzeko. Proiektua garatzeko argazkilaritza estudio oso bat sartu genuen espetxe barrura (atzealdeak, flashak…).
Argazkiak patioan jarri genituen ikusgai. Indar handiko erretratuak ziren, formatu handian aurkeztuak; bakoitzak metro bateko altuera zeukan. Ahalduntze handia erakusten zuten argazkiek, ikuslea zuzenean interpelatzen zuten.
Aldarrikapenak ere izango zuen bere tokia.
Nik uste agerikoa dela espetxera sartzen zarenean Zaballan dagoen emakume kopurua gizonena baino nabarmen txikiagoa dela. Modulu bakarra okupatzen dute, eta espetxeko komunitatearen % 7ak osatzen dute bakarrik. Ikastaroko kideek emakumeen presentzia aldarrikatu nahi zuten, bai eta espetxeko komunitateari egiten zioten ekarpena balioan jarri ere. Emakumeen ikusgarritasun hori argazkien bidez defendatu nahi zuten, eta erakusketa hori martxoaren 8an areto nagusian egingo zen dantza eta musika ekitaldi baten osagarri bilakatu.
Zer nolako eragina izan zuen erakusketak presoen komunitatearen barruan?
Emakume presoen ikusgarritasun falta hori erreala da, eta erakusketak agerian utzi zuen. Erakusketa ikusgai egon zen egunetan, berau bisitatu zuten preso askok ez zituzten erretratuetan agertzen ziren kideak ezagutu. Askok ezin zuten sinistu emakume presoak zirenik ere. Batek baino gehiago pentsatu zuen antzerki talderen bateko kideak zirela. Proiektuan parte hartu duten emakumeek aitortu dutenez, erakusketari esker zerbait aldatu egin da espetxe barruan. Euren burua eta espazioa aldarrikatu dute argazkien bidez. Erakusketa soil bat baino gehiago izan dela diote.
Ikasbegi ekimenaren adibide argia da, orduan, Zaballako espetxeko esperientzia.
Ikasbegik proposatzen dituen interbentzio prozesuek inpaktu soziala bilatzen dute. Prozesuan parte hartzen duten pertsona eta kolektiboen eraldaketa dago, eta Zaballako espetxeko esperientzia horren adibidea da. Aitortza soziala eta norbera balioan jartzea positiboa da, eta guk interakzio hori garatzeko espazioa zabaldu besterik ez dugu egiten, kasu honetan argazkilaritzari lotutako erremintak eskainiz.
Oker ez banago Zaballako espetxeko esperientziak jarraipen arrakastatsua izan zuen.
Oso hilabete emankorrak izan ziren, eta 2023ko martxoan ikastaroa ekainera arte luzatzea erabaki zuten. Beste jardueraren bat egiteko beharra genuen, eta nik Getxophoto jaialdian parte hartzeko aukera aurkeztu nien.
Blackkamera eskolak urte luzeko hartu-emana du Getxophoto argazkilaritza jaialdiarekin. Hori baliatuz, bertan parte hartzeko erronka bota genien Zaballako ikasleei. Urtero-urtero parte-hartzean oinarritutako saila prestatzen du jaialdiak, gai konkretu baten inguruan egindako argazkiak baliatuz. Aurtengo gaia geldiunea zen. Oso gai aproposa iruditzen zitzaigun, batez ere espetxe barrutik lantzeko, eta ikastaroko kideei aurkeztu nien. Bazirudien gaia espresuki hautatu zutela Zaballako hormen barruan lantzeko.
Hasieran ez zuten sinisten, “nola hartuko dugu parte hemen barrutik, espetxetik kanpo antolatzen den zerbaitetan?” Erronka handia zen haientzat. Prozesu bat abiatu genuen ikastaroan geldiunearen esanahi eta sinonimoak biltzeko. Gorputz teoriko bat osatu genuen kontzeptuaren inguruan, geldiuneak haientzat suposatzen zuenaren inguruan. Horrekin guztiarekin argazkiak egiten hasi ziren. Hiru ordu izan zituzten argazkiak egiteko. Material guztia bildu eta Getxophotora bidali genuen.Getxophotoko antolatzaileekin ere jarri ginen harremanetan argazkiak bidali aurretik. Azaldu genien Zaballako espetxetik igorriko zituztela argazkiak, eta arazorik egongo zen galdetu genien. Esan ziguten ezetz, materiala lasai asko bidaltzeko. Eta ziurtatu ziguten argazkiak baloratuko zituen epaimahaiak ez zuela jakingo argazkiak nortzuek eta zein baldintzatan atera zituzten.
Getxophoto jaialdiaren ebazpena jaso zenuten.
Apirilaren 21ean jaso genuen epaimahaiaren erantzuna. Mundu osoko 20 herrialdetatik jasotako 250 argazki jaso zituen Getxophotok guztira, eta hautatutako 35 lanetatik lau Zaballako espetxekoak ziren. Sinesgaitza zen. Orduak zenbatzen pasa nuen eguna, ikastaroko kideei albistea noiz kontatuko zain.
Hasieratik esan nien hautaketa prozesuan parte-hartze hutsa egundoko lorpena zela, euren lanaren zati batek espetxeko hormak gainditu zituelako. Bat aukeratze hutsarekin egundoko lorpena litzateke. Sekula espero ez nuena zen lau lan hautatzea. Oraindik ere ez dakit nola deskribatu haien erreakzioa.
Nik uste argazkiek eremu fotografikoa gainditzen zutela. Bisualki oso irudi indartsuak ziren. Ez zuten inolako laguntza teknikorik edo narratiborik izan, baina jakin zuten argazkien errelatoa ondo eraikitzen.
Ilusio handia egin zidan ere talde barruan egon zen lehiakortasun eza. Lau izan ziren hautatuak, baina sentzazio orokorra zen talde guztiaren garaipena izan zela.
Zer uste duzu suposatu diela argazkilaritza ikastaro honek preso guzti horiei?
Parte hartu duten presoen hitzetatik abiatuta, esango nuke presoek ez dutela kartzela berdin ikusten. Halabeharrez bertan egon behar dutela jakinda ere, aukerak badaudela ere ikusi dute. Emakume presoen arteko harremanak ere aldatu direla esango nuke, baita euren burua nola aldarrikatzen duten ere.
Aitortu ziguten azken urte hau zeharo desberdina izan dela haientzat eta ez dutela inoiz ahaztuko.
“Proiektuan parte hartu duten emakumeek aitortu dutenez, erakusketari esker zerbait aldatu egin da espetxe barruan. Euren burua eta espazioa aldarrikatu dute argazkien bidez
Eta gidaritza lanetan aritu zaretenontzat?
Ikaragarria izan da. Bat gatoz ere proiektu honek interbentzio sozialean baliabide gehiago sartu behar direla demostratu digula esaten dugunean. Argazkilaritza eraldaketa sozialerako tresna bilakatu behar dugu. Horretarako hauspotu genuen Kulturbegi kooperatiba, interbentzio sozialeko gaiak landu eta argazkilaritza benetan beharrezkoa den esparruetara eramateko. Ikasbegi da horren emaitza argiena.
Nola antolatu dituzte interbentzio programak.
Ulertuta kolektibo bakoitzak dituen beharrak desberdinak direla, malgutasunez arituko gara, baina funtsean hiru programa desberdin definitu ditugu: Aitortu, Ulertu eta Eraiki; hiru, sei eta bederatzi hilabeteko iraupenekoak, hurrenez hurren.
Aitortu programan argazkilaritzari hurbilketa egitea eskaintzen dugu, argazkilaritza sorkuntza erreminta eta erreminta terapeutikoa dela ulertaraziz, eta hainbat gaitasun landuz. Sei hilabeteko iraupena duen Ulertu programan argazkilaritzarne bidez norberaren autoezagutzan sakonduko dugu, narratiba bisual indibidual zein kolektiboak sortuz. Azkenik, Eraiki programak askoz murgiltze sakonagoa eskaintzen du, non argazkilaritza parte hartzen duten kolektiboen ahalduntze eta eraldaketarako tresna gisa baliatzen dugun. Zaballako kasuak azken horri erantzungo lioke.
“Aitortza soziala eta norbera balioan jartzea positiboa da, eta guk interakzio hori garatzeko espazioa zabaldu betserik ez dugu egiten, argazkia bide”
Honezkero izango dituzue proiektuak martxan.
Baditugu proiektu batzuk martxan honezkero. Bakerako Lankidetza Batzarrarekin lankidetza jarraituz, Koop SF 34 kooperatibaren barruan dagoen Kamanga taldearekin arituko gara 2025ean. Jatorri afrikarreko jendea elkartzen duen San Frantzizko auzoko kooperatiba da. Argazki kameraren ezagutza teknikotik abiatu eta irudien sorkuntza garatuko da, narratiba oso bat garatuz.
Gordexolan egoitza duen Gizakia fundazioarekin ere arituko gara lanean datozen hilabeteetan.
Argazkilaritza eskola izatetik jauzi handia eman duzue.
Bai, hala da. Blackkamera argazkilaritza eskola Kulturbegi kooperatibaren ekosistemaren barruan dagoen zerbait da orain. Kulturbegik dimentsio handiagoa eman digu, eta ekosistema horren parte da Ikasbegi programa, baina baita Basque Dok Festival jaialdia ere. Lankidetzak sinatu ditugu Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Canon Españarekin ere.
Gainera, Kulturbegik geroz eta interes handiagoa sortzen duela ikusten ari gara, baita gure mugetatik kanpo ere. Martxoaren 27an Avilesen (Asturias) egongo gara, Ikasbegi zer den azaltzen Asturiaseko Printzerriak antolaturiko jardunaldi batzuetan. Aurretik, martxoaren 3tik 18ra Ukrainan ospatuko den kultura jaialdi batean egongo gara, telematikoki, Kulturbegi zer den azalduz.