Bihar abiatuko da Laburbira euskarazko film laburren zirkuituaren XXII. edizioa, eta Arespalditza izango da lehenengo geltokia. Zortzi dira osotara proiektatuko diren film laburrak, 19:00etatik aurrera, Udal Aretoan.
Lehena izateaz gain, berezia izango da Arespalditzako saioa, izan ere, bertan izango da Alba Lozano, Utlandsk pelikularen zuzendaria, eta berarekin solasteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Abaniko zabala egongo da aurtengo Laburbira zirkuituaren kartelera osatzen duten laburmetraien artean: Goya sarietarako hautatutako bi film, animaziozko beste bi, stop-motion teknika baliatzen duen pieza bat... Eta lantzen dituzten gaiak ere askotarikoak dira: amatasunaz, sorterrira bueltatzeaz, gerratik ihes egiteaz, arituko dira film laburrok, besteak beste. Hauek dira, guztira, zerrenda osatzen dutenak:
- Prosopagnosia. Zuzendaria: Ekain Martinez de Lizarduy.
- Plazer bat. Zuzendaria: Sonia Estévez.
- Betiko gaua. Zuzendaria: Eneko Sagardoy.
- Europa. Zuzendaria: Ekain Irigoien.
- Pentsatzen dut. Zuzendaria: Karmele Mitxelena, Alaia Martin eta Iraitz Mateo.
- Hor konpon. Zuzendaria: Jone Arriola.
- Goodbye Kepler. Zuzendariak: Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, Iraia Yarto
- Utlandsk. Zuzendaria: Alba Lozano
