Aiarako EAJk prentsa ohar bidez zabaldu du proposatu duen parte hartze eredua udal aurrekontuetarako. Jeltzaleen aburuz, egungo partaidetza eredua ez da errealista eta, horregatik, bost fasetan banatutako prozesua diseinatu dute.
Honako hauek dira oposizioko taldeak diseinatutako fase horiek:
- Martxoaren 17tik 31ra proposamenen aurkezpena. Aiaran erroldatutako bizilagunek eta udalerrian erregistratutako elkarteek euren ideiak aurkeztu ahal izango dituzte inprimaki digital baten edo posta elektronikoaren bidez. Interes orokorrera bideratuta egon beharko dira guztia. Horrez gain, egitasmoak sortuko duen gastua ezin izango da 20.000 eurotik gorakoa izan.
- Apirilaren 2tik 7ra egitasmoen proposamena webgunean. Jasotako proposamen guztiak udal webgunean argitaratuko dira, eduki difamatzailea edo diskriminatzailea dutenak izan ezik. Halaber, errepikatuak daudenak ere ez dira ikusgai egongo.
- Apirilaren 8tik 30era proposamen azterketa eta lehenestea udal teknikarien aldetik. Udal arloek proposamenen edukia aztertuko dute bideragarritasun teknikoa, legala eta ekonomikoa zehazteko. Hurrengo fasera soilik pasako dira ezarritako irizpideak betetzen dituztenak eta ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen ez duten zenbatespen ekonomikoa dutenak.
- Maiatzaren 5etik 8ra herritarren bozketa. Aiaran erroldatutako 16 urtetik gorako edonork bozkatu ahalko ditu baldintzak betetzen dituzten proiektuak, udal webgunean.
- Proposamen bozkatuenak udal aurrekontuetan txertatzea eta horien jarraipena egitea. Aurrekontuak onartu ondoren, Udalaren webgunean argitaratuko dira proiektuen jarraipenaren atalean, prozesuaren gardentasuna bermatuz. Gainera, proposamenen bat faseren batean atzera botatzen bada, aurkeztu zuen pertsonak jakinarazpen bat jasoko du, kanpoan utzi izana justifikatzeko, baldin eta posta elektronikoa eman badu. "Gure konpromisoa da prozesu hau propagandarako tresna ez ezik, benetako mekanismoa ere izan dadin bermatzea, herritarrek beren udalerriari buruz erabaki dezaten. Horrela, sistema argi bat proposatzen dugu, definitutako irizpideekin eta gauzatzeko bermeekin", azaldu du Gentza Alamillo udal talde jeltzalearen bozeramaileak.
Udal gobernu taldeari kritika
Parte hartze ereduaren eskutik, EAJk gogor kritikatu du EH Bildu eta Aiara Batuzen udal gobernu taldearen kudeaketa, "inprobisazioz beterikotzat" jo baitu. Halaber, plangintzarik eta zorroztasunik gabe jokatzea ere leporatu die bi taldeei.