Grebara joko dute Aianoxeko langileek, lan baldintzak hobetzeko

Txabi Alvarado Bañares 2025ko mar. 24a, 18:32

Murgan kokatuta dago Aianoxen lantegia. / LAB

Enpresa batzordeak salatu du azken lau urteetan %14ko galera izan dutela langileek erosmen-ahalmenean, soldatak ez direlako KPIaren erritmo berean handitu. 

Greba egingo dute Aianoxeko langileek astearte eta ostegunetan, bihartik hasita. Modu horretan, bultzada eman nahi diote hitzarmen kolektiboaren negoziazioei. ELAko bi ordezkari ditu enpresa batzordeak eta LABek eta USOk bana, eta gehiengoak egin du lanuzteak deitzearen alde. Azaldu dutenez, sei bilera egin dituzte dagoeneko zuzendaritzarekin, baina honek ez die helarazitako eskakizunen gutxienekoei erantzun.  

Hainbat aldarri dituzte langileen ordezkariek hitzarmenari begira. Alde batetik, soldatak igotzea nahi dute, "langileek erosmen ahalmenaren %14a baino gehiago galdu dutelako azken lau urteetan". Azaldu dutenez, lansarietan %1eko igoera aplikatu zaie 2021tik, Kontsumorako Prezioen Indizea nabarmen gehiago igo den arren eta enpresak urtez urte irabaziak izanda.

Fabrikan denbora gutxiago igarotzea ere eskatu dute, 17 urte daramatelako gehienezko lanaldiarekin, indarrean jarriko den lege berriak 37,5 ordura murriztea eskatuko duen bitartean. 

Mediku bajei dagokionez, langileen ordezkariek salatu dute enpresak prestazioak murriztu nahi dituela hilabete bateko baja gainditzen duten langileen kasuan. Bukatzeko, ultraaktibitatearen mugak kentzea ere eskatu dute, enpresak hiru urtera mugatu duela nabarmenduta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide