Asteburu honetan jokatu dira Aiarako Birako azken bi etapak eta, hasiera batean irudi zezakeenaren kontra, Hugo Delmiro izan da txapeldun. Lehia estua zen sailkapenean, larunbateko etaparen ostean, eta ia hasierako unetik ihesaldian gogor aritu eta gero, MMR taldeko txirrindulariak lortu du lehen postua.
Bosgarren etapa Artziniegan
Artziniegan hasi eta bukatu zen larunbateko lasterketan, Dima Torre (Corbatas Pindal taldekoa) izan zen azkarrena. Oso lasterketa mugitua izan zen hasieratik eta hainbat ihesaldi saiakera egon ziren. Etapa erdialdera heltzen ari zela, sei txirrindularik osatutako taldeak hartu zuen aurrea, baina ez zuen tropelari ezta minutu bat ateratzea lortzerik izan. Azken itzulian abiadura bizkortu zen tropelean, eta azkenean Dima Torrek zeharkatu zuen Artekale kaleko muga lehenbizi.
Horrela geratu zen sailkapena 5. etaparen ostean:
1. MICHELENA CORRES, Aitor (GRAN CANARIA BIKE TEAM) 4:59:26
2. GIMENO PARDO, Dario (GRAN CANARIA BIKE TEAM) d.b.
3. PASTOR VIZCAINO, Samuel (GRAU PASCUAL SAXUN), 17″
4. SANCHEZ BELTRAN DE OTALORA Aratz (ARANAKO-FORD), 21″
5. GOMEZ CALVENTE, Miguel Angel (MAGUISA-GUIJUELO), 21″
Hugo Delmiro garaile ezustekoz
Eguraldia lagun izan zuten lasterkariek igandeko azken etapan. Arespalditzako lehen pasabidean zortzi txirrindulariko taldea osatu zen lasterketa buruan. Ihesean zihoazen Hugo Delmiro, Ieltxu Santana edo Cristian De Oliveira, besteak beste.
Mendieta gainaren hasieran minutu bat eta hamar segundu aurretik zihoan ihesak. Antolakuntzako kideek azaldu dutenez, "onenen ordua zen, zuzeneko eta banakako borrokarena. Sailkapen nagusiko lehen eta bigarren kideak taldekideak direnez, biei mesede egingo zien elkar ulertzea espero zen. Baina ez da horrela izan".
Buruan zihoazen hiru lasterkariak garaipenarengatik borrokatu dira Arespalditzako aldapako azken 300 metroetan. Kronoak erakutsi du orduan sailkapen orokorra irauli eta Hugo Delmiro izan dela Birako txapelduna. Horrez gain, mendietako maillot gorria ere eraman du MMR taldeko txirrindulariak.
Marc Mira izan da esprintetan garaile, eta maillot berdea irabazi du. Alejandro Diego izan da lehenengo urteko kadeterik onena, eta Aitor Michelena hobekien sailkatutako arabarra.
Horrela geratu da azken sailkapen orokorra:
1. DELMIRO ORDIERES, Hugo (MMR) 6:15:11
2. DE OLIVEIRA MUNTEANU, Cristian Manuel (CAJA RURAL DE SALAMANCA – EKT) +0:05
3. GIMENO PARDO, Darío (GRAN CANARIA BIKE TEAM) +0:14
4. MICHELENA CORRES, Aitor (GRAN CANARIA BIKE TEAM) +0:18
5. SANTANA IBAÑEZ, Ieltxu (INVITEC-ITURRIBERO) +0:18
Sailkapen eta kronika guztiak Aiarako Biraren webgune ofizialean daude, hemen.