Aiara Batuzeko kideek oharra zabaldu du gaur goizean jakinarazteko udal gobernu taldean dituzten ardurak utziko dituztela. "Agur esango diegu berdintasunari, immigrazioari eta adinekoei buruzko informazio-batzorde iraunkorreko lehendakaritzei, hirigintzari eta obra eta zerbitzuei buruzko informazio-batzorde iraunkorrari eta lehen sektoreko, sustapen ekonomikoko eta enpleguko informazio-batzorde iraunkorrari", zehaztu dute.
Alderdi independenteak azaldu du EH Bildurekin elkarlanean aritzen saiatu direla, baina ez dela erraza izan: "Gobernatzeko akordiorik ez izateaz gain, udalean langile-aldaketa asko izan ziren eta kosta egin da finkatzea. Aldaketa posible izango zela pentsatzen jarraitzen dugu, baina talde bakoitzaren lan egiteko moduak desberdinak dira, eta lan-antolaketa eta erritmoak berdinak ez direnean, frustrazioa handia da".
Hori guztia dela eta, erabaki dute udal gobernu taldetik ateratzea eta oposizioan jarraitzea lanean: "Beti bezala, Udalean aurkezten diren ideiak aztertuko ditugu eta Aiarari eta bere jendeari zer dakarkien baloratuz bozkatuko dugu, edozein alderdi politiko buru dela ere".
Indarrean dagoen legealdiaren kronologia
Azalpenarekin batera, Aiara Batuzek argitu du zein erabaki hartu dituen udal hauteskundeak izan zirenetik, zeinean bigarren indar bozkatuena izan zen, EAJren ondoren.
Hain zuzen, jeltzaleen gobernatzeko eredua gogoko ez zutenez, erabaki zuten hirugarren talde politiko bozkatuenari boza ematea: "Ordura arte, dinamika batzuk ez genituen gustuko, eta ulertu genuen bozketa haietan Aiarako herritar gehienak ados zeudela horrekin, Aiara Batuz eta EH Bilduren batura handiagoa baitzen EAJ-PNVrena baino, ordura arte gehiengo osoarekin gobernatzen egon baitzen. Hori dela eta, nahiz eta bigarren indar bozkatuena Aiara Batuz izan, alkatetza izendatu zuten egunean aldaketaren alde egin genuen. Aurretik akordiorik lortu gabe, EH Bilduri botoa emateko aukera zegoen, udal kudeaketa berri bat bultzatzeko".
Hiru zinegotziko udal gobernu taldea eta prestutasun osoa
Aiara Batuzeko zinegotzien dimisioarekin, sei kide izatetik hiru izatera igaroko da udal gobernu taldea. Ondorioz, EH Bilduko ordezkarien artean banatu beharko dituzte talde independenteak utzitako ardurak.
Edonola ere, koalizioak oharra zabaldu du adierazteko aiararren bizitzak hobetzeko konpromisoan berresten direla eta orain arte bezala, akordioak lortzeko prestutasuna dutela. "Hurrengo erronka 2025eko aurrekontuak izango dira, martxoaren 19an hasi zen parte-hartze prozesua, datorren maiatzean izapidetuko den aurrekontu-proiektua aurkeztu aurretik ekarpenak egiteko". EH Bilduk espero du babesa lortzea proiektuak aurrera egin dezan.
Halaber, Pruden Otegi alkateak gogoratu du herritarrei arreta eskaintzeko prest dagoela: "Gogorarazi nahi dut udaletxeko ateak irekita daudela, haien arazoak eta kezkak kontatzera etor daitezen, baita udalerria hobetzeko formulak ere".