Finalerdietarako txartela lortzeko bidean urrats garrantzitsua eman zuen Iker Larrazabalek Bastidako pilotalekuan. Iragan astean Altuna III. Eibarren menderatu ostean, Dario Gomezen aurka neurtu zen atzo Olabezarreko pilotaria, final-laurdenetako ligaxkaren barruan.
Markagailuan aurretik izan zuen Larrazabalek uneoro pilotari errioxarra. Momentu zailenean burua hotz mantendu eta partida guztiz iraultzea lortu zuen, ordea, aiararrak.14-20 tantotik aurrera erritmoa hartu eta zuzen zuzenean egin zuen 22. tantorainoko bidea.
Partida amaieran pozik azaldu zen Iker Larrazabal, eta Gomezen kontrako norgehiagokatik asko ikasi duela aitortu zion Aiaraldea Komunikabideari.
Lehenengo urtea du honakoa Larrazabalek buruz buruko txapelketa nagusian, baina maila altua ari da erakusten. Igandean Altunak eta Zabalak jokatuko duten partidaren esperoan, gertu-gertu ditu finalerdiak. Maiatzaren 3an jokatuko du final-laurdenetako azken partida, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Zabala errioxarraren aurka, hain zuzen ere.