Aipamena lortu duzu Bilbao Surf Film festival jaialdian.
Hainbatetan aurkeztu naiz Bilbao Surf Film Festival jaialdira. Surfarekin lotutako ikus-entzunezkoen jaialdi entzutetsua da. Aurtengo honetan argazki-lehiaketa irabazi dut, epaimahaiaren kategorian. Herrialde askotako argazkilariak aurkeztu dira, sorpresa izan da irabaztea.
Nondik datorkizu surf-argazkilaritzarekiko pasioa?
Nire argazkilaritzarekiko pasioa surfa praktikatzen hasi nintzenean piztu zen. Ohartu nintzen liluragarria zela surflariaren eta akzioaren irudi horiek harrapatzea. Geroztik, ikasiz eta teknika hobetuz joan naiz.
Hastapen garai haietan nik oso gogoko nuen itsasora joan eta surflariaren eta argazkilariaren arteko konexio hori ikustea. Esango nuke oso momentu berezia dela hori: argazkilariak arreta guztia du jarrita gertatzen ari den horretan, eta akzioaren detailerik txikienean zentratzen da. Bada istorio bat kontatzeko beste modu bat ere.
Zer izan zen lehenago, argazkilaritza edo surfa?
Ez, surfa izan zen lehenago.
Eta zein izan zen pizgarria?
Ni normalean surfean ibiltzen naizen zonaldean bada surf-argazkilari taldetxo bat. Egun batean hainegana hurbiltzea erabaki nuen, eta gutxika gutxika hasi nintzen zaletasuna garatzen.
Zeintzuk dira surf-argazkilaritzaren ezaugarriak? Ez dirudi argazkiak egiteko ingurune erosoa denik.
Uretan sartzen zarenean baldintza guztiak oso aldakorrak dira: korronteak, mareak, argiaren islak, kontrasteak… Kamera babesteko ondo zigilatutako karkasa behar duzu. Gainerakoan, ohiko argazkilaritza bezalakoa da. Egia da zailagoa dela ondo kokatzea. Igeri egin behar duzu, olatuaren gailurrera iritsi...
Argiari dagokionez, niri egunsentiak eta ilunabarrak gustatzen zaizkit gehien bat argazkiak egiteko, une horien bila jotzen dut sarrien.
Hain zuzen ere, ilunabarrean egindako argazki batekin irabazi duzu Bilbao Surf Film Festival jaialdia.
Bai, Reflejos Primitivos deitzen da argazkia. Gizakiaren eta naturaren arteko lotura sakona eta antzinakoa sinbolizatzen du. Jatorrira itzultzea da. Gero eta bizkorragoa, askoz deshumanizatuagoa eta askoz ere iragankorragoa eta materialagoa den mundu honetan, gure sustraiekin berriro konektatzeko beharra islatzen saiatu naiz argazkian. Gaur egungo ikuspegi antropozentristarekin apurtu eta natura jarri nahi izan dut erdigunean.
Uste dut gizakiok naturarekin izan dugun harreman estua alde batera uzten ari garela.
Surfak badu errelato horri aurre egiteko gaitasuna?
Bai, naturarekin harremanetan egotea da gakoa, eta hura babestea. Jacques Cousteauk esaten zuen maite dugun hori zaintzen dugula. Beraz, natura maitatuz gero hura zainduko dugu.
Esango zenuke zure argazki guztien erdigunean dagoen gaia dela?
Aurreko urteetan aurkeztu nituen argazkiek ere ildo beretik jo zuten bai. Iaz Eneko Acerori atera nion argazkia aurkeztu nuen jaialdira, eta antzeko gai bat zuen erroan. Ni, ordea, nahiko polibalentea naizela uste dut, moldatuz eta eraldatuz noa.
Zerk erakartzen zaitu gehien surf-argazkilaritzatik?
Itsasoak transmititzen duen energia da uretan sartzera bultzatzen gaituena. Oso berezia da surflariaren eta argazkilariaren arteko konexio hori bilatzea.
Niretzako surf-argazkilaritza, istorioak kontatzeko tresna izateaz gain, artearen eta naturaren akzioaren konbinazio perfektua da.
Baduzu argazkiak egiteko toki kuttunik?
Kantauri itsasoaren inguruan mugitu naiz betidanik: Landetan, Mundakan, Laredon… Baina niretzako Sopelana da erreferentziazko gunea. Hor ibiltzen naiz gehien argazkiak egiten.
Kanariar Uharteak dira nire bigarren etxea, Lanzarote hain zuzen ere.
Afizioa duzu gaur gaurkoz surf-argazkilaritza. Nolako bilakaera nahiko zenioke eman zaletasunari?
Momentuz nire afizioa da, oso gogoko dut. Itsasoarekin konektatua egotea oso positiboa da niretzako.