Luiaondoko ikurra sortu duzu, nola bururatu zitzaizun ideia?
Pentsatu nuen Luiaondok ikur edo armarri bat behar zuela. Luze hausnartu nuen horri buruz eta ez nengoen ados egoerarekin, uste nuen konpondu behar zela. Hortaz, sortu nuen nik.
Ofiziala da?
Administrazio Batzarrak hartu du bere gain, baina Arabako Foru Aldundiak ez du onartu oraindik. Prozesu oso luzea da.
Zein elementu ditu ikurrak?
Atzean bi kolore daude, gorria eta urdina. Marra diagonal bat dago, urdina, eta harmarrian badaude bi otso Otazuko zubian, eta gurutze bat Malatoko Zuhaitzaren omenez. Gure lege zahar lema ere badago, eta ura ere, Nerbioia, hain zuzen. Ezkurrak ere badaude. Gorria eta urdina hautatu nituen ondo geratzen direlako, baina baita Luiaondoko jaietan jantzian erabiltzen direlako ere.
Nondik agertu zen behar hau?
Nik gogoko ditut armarriak, gehienbat. Heraldikako sinbologia oso garrantzitsua da ikurren izaera islatzeko. Ordezkatzen du herrialde bat, edo hiri bat. Lilura sortzen dit mundu honek.
Armarri asko ditut gogoko eta forma ezberdinekoak dira. Adibidez, Katalunian ronbo itxura dute. Euskal Herrian karratuagoak dira eta Espainian borobilagoak dira azpiko partean.
Nire ustez, Parisko armarria oso polita da. Itsasontzia dauka, ura…
Zuk asmatu eta marraztu duzu ikurra, ezta?
Bai, denbora eta praktika beharrezkoa da ondo marrazteko. Ez da oso erraza, baina lan eginda lortzen da.
Komikiak egitea ere gogoko duzu.
Bai, Cabrales familia sortu dut. Horrez gain, bigarren saria irabazi nuen Gasteizko komiki lehiaketa batean, Crash Comicen, iaz, hain zuzen. Lehenengo aldiz parte hartu nuen horrelako ekimen batean.
Nire erreferentea da Andre Frankin. Belgikarra zen eta inspirazio oso handia da niretzat. Bereziki, Gaston Lagaffe pertsonaia.
Jarraituko duzu marrazten?
Bai, nire asmoa da ikasturte amaierako lan gisa komiki sorta sortzea. Denbora librean ikasi nuen marrazten eta gero Amurrioko Kultura Etxean arte ikastaro batean eman nuen izena. Orain akademia batean nabil Bilboko Santutxu auzunean. Nabaritu dut hobeto dudala anatomiarekin, akzio lerroarekin… Tabletarekin marrazten dut.
Lehiaketa gehiagotan parte hartzeko prest zaude?
Portugaleteko komiki lehiaketan egingo dut. Maiatzean bidali behar dut lana.
Zure proiektu izarra, dena den, Cabrales familia da, ezta?
Bai, nagusiagoa naizenean egin nahi dut. Momentuz garatzen ari naiz. Bakarrik sortu ditut pertsonaiak. Euskal gizartearen satira bat da. Pertsonaia asko egin ditut. Cabrales familia da protagonista, eraikin berean bizi dira beste hiru familiarekin. Komunitate berean. Horietako familia bat Opus Deikoa da, adibidez.
Edonola ere, badaude aitaren lagunak eta lankideak, bere kuadrilla. Lantegi batean behar egiten du, baina sortu ditut ere nekazariak, aitaren buruzagia, suhiltzailea eta soroslea —maiteminduta daudenak—, butano saltzailea, futbol epailea, crossfit entrenatzailea, Senegal, Txina, Peru, Errusia, Maroko eta Japoniatik etorritako herritarrak, medikua, apaiza, liburuzaina, poliziak, Ratisbona familia, familia abertzale bat, Guardia Zibil bat…
Pertsonaia zerrenda daukat nire sakelakoan eta gero diseinua egiten dut. Denbora behar dut pertsonaiak eta tokiak pentsatzeko.