Joseba Sarrionandia literatoak Luiaondo bisitatuko du bihar. Zehazki, 19:00etan izango da hitzordua Otueta Gizarte Etxean eta Aiaraldeko Berbalagunen irakurle klubak egindako eskaerari erantzunda egingo du.
Hain zuzen, Sarrionandiak Kolosala izango da eleberriari buruz hitz egingo du. 2003an argitaratu zuen lan hori, oraindik Kuban errefuxiatuta zegoenean, eta Guda Zibila izan zuen hizpide.
Zehazki, durangarrak kostaldeko herri batean kokatu zuen istorioa, guda hasi baino lehen. Berezitasun moduan, ume baten begiradaren bitartez kontatu zuen narrazioa.
Bihar arratsaldean lan horri buruz arituko da, baina liburua irakurri ez dutenek ere bertaratzeko aukera izango dute, askorentzat euskal idazle garaikide garrantzitsuena denaren hitzak entzuteko eta, parada sortuz gero, galderak egiteko.