San Isidro Azoka ospatuko dute Aiaran urtero bezala, eta Udalak jakinarazi du goiz osoko egitaraua prest duela jadanik. Lehen sektoreari lotutako data denez, Pirenaika arrazako behi azienda hautatuaren Arabako IX. lehiaketa izango da berriro ardatza. 08:00etan abiatuko dute eta aztertu eta sailkatu ostean, 13:30ean banatuko dituzte sariak.
Hortaz, gainerako jarduerak lehiaketa egin bitartean gauzatuko dituzte:
- 09:30ean makineria, abereen eta ekoizleen erakusketa eta salmenta azoka hasiko da.
- 11:00etan egurrezko jolasak egongo dira.
- 12:00etatik 14:00ak arte aurrentzako tailerrak eskainiko dituzte.
- 12:00etan meza eta Ruraltxa proiektuaren aurkezpena izango dira. Azken egitasmo horrekin mendiko abeltzaintza estentsiboa eta bere ekarpena biodibertsitatearen eta landa-ingurunearen kontserbaziorako balioan jarri nahi dute.
- 13:30ean herri kirolen erakustaldiaren unea helduko da.
Horrez gain, maiatzaren 18an bola jaurtiketa antolatuko dute Kexaako bolatokian, 17:30etatik 19:00ak arte, Aiarako Bolatoki Klubak antolatua.