Aiarako Udalak San Isidro Azoka egin ondoren, Arespalditzako Administrazio Batzarrak hartuko du lekukoa eta herriko jaia egingo dute larunbatean.
Jarduerak goiz hasiko dira mendi ibilaldiarekin, 9:30ean. Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea eta doako ekintza izango da.
11:30ean tortilla lehiaketa hasiko da eta puzgarriak ere jarriko dituzte haurrentzat bi orduz. 12:00etan Triskari dantza taldearen erakustaldia egongo da eta 14:00etan babarrun janaren unea helduko da. Tiketak 8 euro balio du eta farmazian zein kontzejuko ordezkarien bitartez eros daitezke.
Bazkalostea girotzea Otegiren ardura izango da eta 16:00etan puzgarriak berriro erabilgarri egongo dira. Ordu berean mus txapelketa abiatuko dute.
18:00etan DJ Leok disko dantza emanaldia eskainiko du eliza aurrean, 19:00ak arte.
20:00etan Txapela Brava taldeak hartuko du oholtza eta bi orduz erromerian dantzatzeko aukera emango du. 20:30ean Burutxaga ahizpek barbakoa eta txokolate jana eskainiako dituzte, lau euroren truke. Tiket horiek ere farmazian eskuratu daitezke edo batzarreko kideei galdetuta. Azkenik, Otegik joko du ospakizuna amaitzeko.