Finalerdia galduta, Iker Larrazabalek jarraitzen du txapelduna izateko masterra ikasten

Aitor Aspuru Saez 2025eko maiatzaren 19a

Iker Larrazabalen aldeko pankartak jarri zituzten eskualdeko zaleek atzo Ogeta pilotalekuan. / Aiaraldea.eus

Olabezarreko pilotaria ez da egongo buruz buruko finalean, Artolaren aurka galdu eta gero, baina azken hilabeteetan urrats erraldoiak egin ditu etorkizunean txapelduna izateko.

Aiaraldeko zaleek eta Iker Larrazabalek berak hemen eta orain nahi zuten buruz buruko txapela, baina ez da aurten izango. Olabezarrak finalerdiak jokatu zituen atzo eta esperientzia gehiago duen Iñaki Artolaren aurka 22-12 galdu zuen Ogeta pilotalekuan.

Larrazabalena ez zen partida txarra izan, hasieran 2-7 jarri zuen markagailua eta bere nortasuna erakutsi zuen, beti aurrera egiteko gogoa eta joko bizia eta boteretsua ezarrita.

Ordea, aurrean zuen Artolak bere armak ere baditu, eta modu serio eta jarraituan 8-8 berdintzea erdietsi zuen. Gero arrakala irekitzea lortu zuen, Larrazabalen akatsak urrea bilakatuta eta ondo jokatuta, jakina.

Azkenean, Artolarentzat izan zen garaipena eta Iker Larrazabalek, agian, tartea hartu beharko du barneratzeko zer lortu duen azken hilabeteetan, ez baita gutxi izan. Aiararrak kolpea eman du elitearen mahai gainean, kirol horretako txapeldunak irabazita eta argi utzita onenen artean egoteko eskubidea bereganatu duela.

Agerpen hain zirraragarriak bere alde onak eta txarrak ditu. Bigarren mailatik lau onenen artean egotera heldu da aste gutxitan eta agian eskarmentu gehiago beharrezkoa da kantxa eta kirol hutsa ez dena ere kontrolatzeko.

Alegia, ez dezagun ahaztu Larrazabalek ez diela bakarrik aurre egin bere aurkariei. Hedabideen azaletan egon da etengabe eta horrek presio gehigarria ekartzen du jokatzera ateratzeko eta errealitateari neurria hartzeko orduan, zama handiagoa jartzen baitu horrek kirolariaren bizkarrean.

Halaber, datozen txapelketetan Larrazabal ez da ezusteko gonbidatua izango. Guztien radarrean dago jadanik eta bere statusa aldatu da dagoeneko. Etorkizuneko jokalariaren etiketa kendu du behin betiko, orainaldiko profesionala bilakatu baita.

Bide horretan, atzoko emaitza txapelduna izateko master gogorraren beste proba bat baino ez izatea espero dute eskualdeko zale guztiek.

Laster Larrazabalek aukera izango du erakusteko atzoko partidatik ondorio erabakigarriak atera dituela hobetzeko.

Gainera, bere alde ditu ere orain arte pilota isilik bizi izan duten Aiaraldeko hainbat zale, zoratuta daudenak bere kalitatearekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide