Aiarako EAJk oharra zabaldu du salatzeko Udalak ez duela oraindik egin 2024ko dirulaguntzen bigarren ordainketa eta tokiko erakundeari exijitu dio ahalik eta lasterren kitatzea.
Oposizioko talderik handienak aipatu du aurreko kitapena ere berandu egin zela, urrian, eta kritikatu du, bere ustez, errespetu falta dela herriko "kultura-, gizarte- eta kirol- jardueraren zati handi bati eusten diotenei".
"Atzerapen hori justifikaezina da, elkarteek ezin dutelako funtzionatzen jarraitu Udalak bere konpromisoak betetzen ez baditu. Desantolaketaren eta lidergo politiko faltaren beste adibide bat da", deitoratu du Gentza Alamillo bozeramaile jeltzaleak.
"Aiarak norabide argia behar du. Ezin da gobernatu plangintzarik eta erantzuteko gaitasunik gabe. Lidergo politiko falta nabaria da, eta ondorioak bizilagunek ordaintzen dituzte beti", ondorioztatu du Alamillok.
Aiarako udal gobernuak adierazi du bideratu duela ordainketa
Udal gobernu taldeak, bere aldetik, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari ordainketaren atzerapenaren iturburua teknikoa dela: "Orain arte eskatu ez ziren txosten teknikoak egiteko beharraren ondorio da. Txosten horiek, beren izaera eta egutegiagatik, lehentasunez izapidetu behar ziren jarduerei zegozkien, San Prudentzio jaiei kasu".
Horrez gain, "baimendutako sinadurak eguneratu behar izan dira laguntzak eman ahal izateko". Sinadura horiek gabe Udalak ezin du diru transferentziak egin.
Gauzak horrela, Udalak gaur eguneratu ditu, dirulaguntzak berehala bideratzeko.
EH Bilduk honakoa adierazi du: "Elkarteei dirulaguntzak arin ematea etengabeko lehentasuna izan da gobernu-talde honentzat".