Tokiko Klima eta Energia Plana egiten ari da Aiarako Udala, eta sektore guztiei zuzendutako neurriak jasoko ditu, Udalari bideratutakoak barne. Bi helburu nagusi ditu egitasmoak: 2030erako berotegi efektuko gasen emisioak murriztea eta udalerria klima aldaketaren inpaktuetara egokitzea.
Udalak adierazi duenez, klimari eta energiari lotutako hainbat gai landuko ditu planak, hala nola energia aurreztea, energia berriztagarriak sustatzea eraikin publikoetan zein udalerri mailan edota klima mehatxu nagusiei erantzuteko eta aurrea hartzeko neurriak.
Horren guztiaren parte egin nahi ditu tokiko erakundeak herritarrak, eta inkesta bat jarri du euren eskura, haien lehentasunezko kezkak eta premiak ezagutzeko. Uztailaren 31ra bitartean erantzun daitezke bertan agertzen diren galderak, Udaletxean bertan paperean, edo online galdetegi honetan.