Aiarako EAJk leporatu dio EH Bilduri ez duela bete euskararen esparruan hartutako konpromisoa

Erredakzioa 2025eko uztailaren 22a

Gentza Alamillo EAJko bozeramailea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Jeltzaleek kritikatu dute koalizioa ez dela betetzen ari udal kudeaketan euskara sustatzeko hartutako konpromisoak.

Aiarako EAJk oharra plazaratu du salatzeko, bere iritziz, udal gobernu taldea ez dela betetzen ari hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoak euskara sustatzeari dagokionez.

Gentza Alamillo bozeramaileak hiru kritika egin dizkio Pruden Otegi EH Bilduren alkateari, bereziki. Hasteko, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin sinatutako akordioa ez betetzea leporatu dio. Jeltzaleen aburuz, horren adibidea da udal aldizkariaren lizitazioa egin zutenean, ez zutela jaso argitalpena %50ean elebiduna izatea eskatzen zuen klausula.

2024-2027 Euskara Plana

Gentza Alamilloren ustez, egungo udal gobernu taldeak 2024-2027 Euskara Planean ere huts egin du: "Planak oso ekintza zehatzak jasotzen ditu 2024 eta 2025 urteetarako, baina asko ez dira martxan jarri ere egin. Argi dago ez dela lehentasuna alkatearentzat, kanpainan defendatzen zuena gorabehera".

Azkenik, EAJk salatu du hirigintza indartzeko zerbitzuaren lizitazioan ere egindakoa: "Aurreko legegintzaldian, gu agintean geundela, zerbitzu hori euskaraz ez bermatzea leporatu ziguten. Orain, horretarako aukera dutenez, ez dute nahitaezko baldintza gisa ezarri. Euskararen ezagutza 100etik 5 punturekin bakarrik baloratzen da. EH Bilduk benetan ari zela frogatzeko aukera zuen, eta ez du egin".

"Euskara ezin da kanpaina-baliabide hutsa izan: plangintza, lidergoa eta benetako borondatea behar ditu udal-kudeaketan ere ohiko hizkuntza izateko", adierazi du Gentza Alamillok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide