Aurtengo Babioko indusketa kanpainaren emaitzak larunbatean partekatuko dituzte

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 23a

Aurtengo Babioko indusketa k 4 1753262253182
Aurtengo Babioko indusketa k 1 1753262248558
Aurtengo Babioko indusketa k 2 1753262249991
Aurtengo Babioko indusketa k 3 1753262251417
Aurtengo Babioko indusketa k 5 1753262254347

Aranzadi Zientzia Elkarteak pasa den astean hasi zituen lanak Aiarako Udalaren babesarekin. Jon Obaldia izoriarrak berak zuzentzen ditu jarduerak.

Babioko herri harresituaren sekretuak azaleratzeko lanean ari dira aurten ere Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. Izan ere, iaz indusketak egin ordez, ikerketa geofisikoa egin zuten erabakitzeko nondik joko zuten hurrengo urratsek. Datu horiekin, pasa den asteko astelehenean ekin zioten lur azpian dauden etxebizitzak bilatzeari, mendi tontorrean. 

Aurtengo indusketen helburua ere bada sakontzea defentsa sistemaren funtzionamenduan eta horretarako larunbatera arte egongo dira beharrean.

Bisita gidatua

Jon Obaldia izoriarrak berak zuzentzen du proiektua 2018tik eta aurrerapauso handiak egin dituzte Babioko ondare kultural eta historikoaren jakintzan.

Gainera, Obaldiak arreta berezia eskaini dio aurkikuntzen berri emateari eta hori bera egingo du larunbatean 10:30ean mendiko tontorrean, bisita gidatua eskainita. Izoriako Administrazio Batzarrak ere babesten du ekintza.

Burdin Haroko herrixka

Orain arte lortutako informazioak iradokitzen du Babioko herri harresitua Kristo Aurreko VIII. mendetik V. mendera luzatu zela.

Han bizi zen komunitateak nekazaritza eta abeltzaintza erabiltzen zituen bizirauteko eta defentsa sistema sofistikatua zuen beste komunitateen mehatxuei aurre egiteko.

Berez, gizarte gerlaria ere bazen eta guda euren egunerokotasunean zegoen txertatuta. Horregatik, babes elementu naturalak baliatzen zituzten eta harrizko hesiak gehitu zizkieten.

Argazkiak: Aranzadi Zientzia Elkartea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide