Andra Mari Zuriaren Torneoko finala nagusitasun argiarekin irabazi zuen bart Iker Larrazabalek eta Jon Mariezkurrenak osatutako bikoteak. Baiko enpresakoek erraz garaitu zituzten Jokin Altuna eta Beñat Rezusta, Aspekoak 22-7 menderatuz. Norgehiagoka 50 minutuz luzatu zen, 437 pilotakada guztira. Urdinek partida ona jokatu zuten, txapelketa osoan erakutsitako maila altuari eutsiz.
Izan ere, torneo borobila egin du aiararrak Gasteizen, eta horren aitortza jaso zuen atzo. Iker Larrazabal izendatu zuten txapelketako Serie Ako pilotaririk onena.
Serie B torneoan Eskuza garaile
Garaipen bikoitza izan zen atzokoa aiaraldearrentzat. Serie B mailako torneoan Arkaitz Eskuza laudioarrak lortu zuen garaipena, Dario Gomezekin batera. Aspeko bikoteak 22-17 menderatu zituen Zubizarreta III.a eta Eskiroz.