Aiarako Udalak jakinarazi du Igebelar Solar eta Krabelin Solar proiektu fotovoltaikoek Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritziak jasotzen jarraitzen dutela. Hain zuzen, Igebelar egitasmoak aurretiko baimen administratiboa jaso zuen abuztuaren 4an Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialaren bidez.
Krabelin Solarrek, aldiz, hilaren 7an lortu zuen Eusko Jaurlaritzaren oniritzia ingurumen inpaktuaren txostenari dagokionez. Ondorioz, proiektu pribatu biek eman dituzte aurrerapausoak.
Igebelar Solarren kasuan, proiektuak aldaketa bat izan du Aiarako Udalak egindako alegazioen ondorioz, eta udalerrian hartu behar zuen lursail bat ez du okupatuko (Zaraobeko gainaren alboan). Amurrioko Udalak, ordea, ez zuen kontrako ekimenik bideratu 6.692 eguzki plaka instalatu nahi dituen proiektuaren kontra.
Igebelar Solarren kasuan, proiektuak aldaketa bat izan du Aiarako Udalak egindako alegazioen ondorioz, eta udalerrian hartu behar zuen lursail bat ez du okupatuko (Zaraobeko gainaren alboan).
Krabelin Solar egitasmoak, aldiz, 10.504 plaka fotovoltaiko ezartzea aurreikusi du Murga eta Arespalditza artean. Azpiegitura energetiko biek bultzatzaile bera daukate: Enerparc multinazionala.
Krabelin Solar sustatzeko baliatutako konpainiaren izena Ventaja Solar 13 da eta Igebelar zein Gasteizen aurreikusitako beste proiektu bat, 10.452 panelekoa, Ventaja Solar 8 izeneko sozietatearekin bultzatzen ari dira.
Berez, Enerparc Energía Solar, Ventaja Solar 8 eta Ventaja Solar 13 enpresek leku berean dute egoitza, Pozuelo de Alarconen, Madrilen.
Informazio eza
Aiarako Udalak etsipena adierazi du Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren jokabidea dela eta: "Guk informazio lan handia egiten dugu herritarrekin. Bilerak deitzen ditugu Administrazio Batzarrekin, alegazioak prestatzen ditugu, batzar irekiak ere antolatzen ditugu... Bitarteko ugari bideratzen ditugu prozesura, eta Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez diete gure alegazioei erantzun ere egiten. Aldizkari ofizialen bidez jasotzen dugu informazioa, komunikazio bat bera ere jaso gabe".
Solariaren kontrako alegazioak
Hala ere, Aiarako Udalak alegazioak prestatu ditu Solariaren goi-tentsioko linearen kontra. Hamabi Administrazio Batzar batu dira horietara; Zuhatza, Murga eta Luiaondo, besteak beste, kaltetu zuzenak baitira.
Halaber, 58 herritarrek ere egin dituzte alegazioak: Zuhatzan 25ek, Luiaondon zazpik, Arespalditzan zortzik eta Murgan bik.