BEÑAT ORTIZ DE LUNA

“Kolonbian beti izango duzu norbait laguntzeko prest”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko irailaren 21a

Medellinen bizi da gaur egun Beñat Ortiz de Luna aiararra. / Aiaraldea.eus

BEÑAT ORTIZ DE LUNA (Luiaondo, 2005) Kolonbiako Medellin hirian dago Humanitate Digital Globalen graduko ikasketak egiten. Bertan bizitzen ari den esperientziari buruz mintzatu da.

Kolonbian zaude, zerk eraman zaitu bertara?

Beti izan dut buruan Hego Amerikara  joatea gustatuko litzaidakela eta  aurreko urtean aukera eman zidaten unibertsitatean, Humanitate Digital Globalen graduan, derrigorrezkoa nuen eta. Hiru aukera nituen Hego Amerikan ikasketak burutzeko: Mexiko, Puerto Rico eta Kolonbia, horien artean erakargarriena Kolonbia iruditu zitzaidan. Zergatik? Ba ez nuke jakingo ondo erantzuten baina aipatu ahal dudan gauza bakarra da banekiela Hego Amerikan hizkuntza aldetik errazagoa egingo zitzaidala, ingelesez ez naizelako hain ondo moldatzen. Aldi berean, Europatik kanpo dagoen gizarteak duen eurozentrismoaren ikuspuntua ezagutu nahi nuen. 

Kolonbiako zein zonaldetan zaude?

Medellin hirian nago. Bogotara joateko aukera ere banuen, baina bertan egondako beste ikasle batzuekin hitz egin eta informazioa bilatu ondoren, Medellinek gehiago erakarri ninduen. Oraindik ez naiz Bogotan egon baina bertan ikasten dauden lagun euskaldunak ditut eta seguraski bertara joango naiz bisitan, aukeraketa ona egin dudala egiaztatzera (barreak). Oso pozik nago Medellinen, Carlos E. Restrepo deituriko auzo bizi batean bizi naizelako eta ikasten dudan unibertsitatea ikaragarria iruditzen zaidalako.

Nolakoa da zure egunerokoa bertan?

 Hilabete daramat hemen baina benetako jardunean duela bi aste hasi nintzen, unibertsitatean hasi nintzenean. Lehenengoko asteak hirian pixka bat kokatzeko balio izan zitzaizkidan, izan ere, aste horrek zailak izan ziren niretzat. Orain, gutxinaka-gutxinaka moldatzen hasi naiz. Unibertsitateko klaseak astelehenetik asteazkenetara ditut eta ordu nahikotxo sartzen ditut bertan. Hurrengoko egunak libre hartzen ditut Kolonbiako beste herri eta zonalde desberdinak ezagutzeko. Hala ere, kirola egiteko tarte batzuk eskaintzen dizkiot neure buruari egun libre horietan eta, nola ez, hirian ezagutzen ari naizen lagunekin ondo pasatzeko.

Bidaiatzeko eta Kolonbia ezagutzeko tartea izan duzu ere. 

Kolonbia oso handia da eta oraindik Medellinen asko falta zait ezagutzeko. Egia da Medellin turistentzako egina dagoela eta momentuz leku “ospetsuenak” edo turistentzat bideratuta daudenak bisitatu ditudala. Orain hasi naiz bertako lagunak egiten eta Medellin hiriko espazio desberdin eta interesgarriak ezagutzen beraiei esker. Hala ere hiritik ere atera gara eta Guatape eta Eje Cafetero bisitatu ditugu. Biak oso desberdinak dira elkarren artean, baina interesgarriak. 

Nolakoa da bertako gizartea?

Hemengo gizartean oso eskuzabalak dira aspektu guztietan, hau da, beti izango duzu norbait laguntzeko prest eta, nahiz eta bakarrik egon, konpainiaz jasoko zaituzte. Auzoan “lagun” bat egin dut, batez ere gure harremana futboletik dator (bioi gustatzen zaigulako) eta beti elkar topatzen dugulako astean behin taberna berdinean futboleko partidak ikusteko. Berak, aipatu zidan niretzako zerbait zeukala nire urtebetetzea zela eta, eta Athletico Nacionaleko Medellin hiriko futboleko kamiseta oparitu zidan eta soilik bi astez ezagutzen genuen elkar. Horrekin esan nahi dut askotan prest daudela edozeini laguntzeko eta leku berri batean gainerakoei gustura sentiaraztea dutela helburu lehenengo momentutik.

Zeintzuk dira Kolonbia eta Aiaraldearen arteko desberdintasun nagusiak?

Esango nuke batez ere hemen arratsaldeko seiretan beti gaua dela, arraro samar egiten zait oraindik hilabete eta gero. Hemen, Medellinen, beti egiten du tenperatura eta eguraldi berdina, horregatik esaten diote udaberri betierekoaren hiria dela. Laburbilduz, Aiaraldean arratsaldeko seiretatik aurrera beti egongo da bizitza kalean, tabernetan edota herriko plazan. Hemen ez, asteburuetan soilik. Hori bai, asteburuetan sekulako giroa dago.

Badago antzekotasunik?

Zerbait bai. Adibidez, ostegunetan nire auzoan jendearentzat kontzertu irekiak egiten dituzte eta antzekotasun handia dauka osteguneko ikasleen pintxo-poteekin, jende ugari ibiltzen delako jan eta edateko, askotan musikarekin. Hori esango nuke dela bien antzekotasun handiena. Kultura aldetik, guztiz ezberdina da, bai janari aldetik edota jarreren aldetik.

Noiz arte geratuko zara bertan? Zer asmo dituzu datozen hilabeteetarako?

Uztaila bukaeran etorri nintzen hona, hemen unibertsitatea abuztuan zabaltzen dutelako eta segituan hasi nituen klaseak. Buelta, urtarrilean egingo dut, Euskal Herriko unibertsitateko klaseak hasten ditudalako. Kolonbiatik gauza berriak ikasita eta ezagututa gustatuko litzaidake Euskal Herrira bueltatzea eta baita, Hego Amerikako herri asko bisitatuta izatea. Izan ere, esperientza hau bakarra delako. Azkenik, nire asmo nagusietako bat da herrialdean gertatzen ari diren hainbat egoera arlo desberdinetan ulertzea, ikasten ari naizenarekin lotura handia duelako eta etorkizun baterako baliagarria izango zaidalako herrialde desberdinetako gizarteak ulertzeko.

Besterik? Anekdotarik?

Bai, nahikotxo. Unibertsitatean hasi nintzenean abisatu zidaten erne egon behar nintzela noizean behin ikasleen protestak zeudelako eta ondorioz gatazkak egoten zirelako poliziarekin. Guzti hau dator Medellinen ikasten dudan unibertsitatea, egoera larri batean dagoelako. Unibertsitate hau publikoa da baina pribatizatu nahi dute, horregaitik ikasleak astero batzarrak egiten dituzte egoera honi irtenbide bat aurkitzeko. Ba aurreko astean protestak egon ziren unibertsitatean eta justu egun horretan ez nuen klaserik izan, baina bertara joan nintzen egoera ezagutzeko. Sandalietan joan nintzen eta azkar konturatu nintzen “domingero” bat ematen nuela, gauzak hemen beste era batean egiten dituztelako. Esan beharra dut, tentsio momentu batzuk pasa nituela. Hala ere, asko gustatu zitzaidan ikustea gertaera nola eman zen eta banekien nire ikasketetarako asko lagunduko zidala. Ziur nago hemendik aurrera beste hainbat anekdota eta esperientzia izango ditudala, denbora asko geratzen baitzait Kolonbian oraindik!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide