Hogeitalau Elkarteak egitasmo berritzailea abiatuko du bihar; Aiarako I. Mikrobideo Lehiaketa, alegia. Euskara sustatzen duen taldeak aiararrei proposatuko die gehienez 90 segundo irauten duten bideoak sortzea urriaren 19an proiektatzeko Arespalditzan.
Lan guztiak euskaraz izan beharko dira eta ezinbestekoa izango da talde bakoitzean Aiaran erroldatutako herritar bat egotea gutxienez. Edukiari dagokionez, elkarteak ez du mugarik ezarri: txisteak, ipuinak, ametsak, pasadizoak, zalantzak... izan daitezke.
Bihar irekiko dute epea ikus-entzunezkoak bidaltzeko eta horretarako aukera egongo da urriaren 10era arte. Zehazki, hogeitalau@gmail.com helbide elektronikoan jasoko dituzte lanak. Parte-hartzaileek sorpresa dibertigarriak izango dituztela adierazi du taldeak.
Hitzordua urriaren 19an
Berez, elkarteak aurreratu du urriaren 17tik 19ra bitartean ospatuko dutela Euskararen Asteburua eta azken ekintza Igande Arratsaldeak Familian izango dela. Hala, 17:00etan aiararrek egindako bideoak proiektatuko dituzte, 18:00etan askaria hartuko dute eta 18:30ean eskulanak egingo dituzte.