Hil ala biziko partida izan du gaurkoa Iker Larrazabalek Lau t'erdiko txapelketan aurrera egiteko norgehiagokan. Eibarko Astelehena pilotalekuan jokatu du final-zortzirenetako kanporaketa aiararrak, Iraitz Zubizarreta ataundarraren aurka.
Partida ona jokatu du Larrazabalek. Uneoro markagailuan aurretik mantendu da aiararra, eta egindako akats apurrak ez dira nahikoa izan aurkariak tantoetan aurrea hartzeko. Azkenean zazpi tantoko aldearekin iritsi da Larrazabal azken sakera, eta 22-15 irabaztea lortu du.
Pozik azaldu da aiararra gaur Eibarren ondutako emaitzarekin, eta txapelketan aurrera egiteko lortutako txartelarekin. Final laurdenetan Joseba Ezkurdiarekin neurtu beharko da aurrena. Aurtengo Buruz Buruko Txapelketan egin zuten topo biek, eta aiararrarentzako izan zen partida.
2024an B Serieko Lau t'erdiko txapelketan aritu zen Larrazabal, eta txapeldunorde sailkatu zen.