EAJk leporatu dio Aiarako alkateari Administrazio Batzarren ordainketa berandu egitea eta, ondorioz, araudia ez betetzea

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 16a

Aiarako EAJko kideak, artxibo irudi batean. / EAJ

Jeltzaleek salatu dute ordainketaren %50 aste honetan egin duela Udalak eta, araudiaren arabera, urteko lehen hiruhilekoan egin behar zuela.

Aiarako EAJk Pruden Otegi EH Bilduko alkateari egotzi dio udalerriko 23 Administrazio Batzarrei ordainketa berandu egitea. Jeltzaleek eurek argitu dutenez, aste honetan egin dute erakunde horiei dagokien ekarpen ekonomikoaren erdia. Oposizioko talde nagusiak azpimarratu du diru hori urteko lehen hiruhilekoan jaso behar zutela kontzejuek.

"Alkateak ordenantzak ezarritako epeak ez betetzeaz gain, Administrazio Batzarren Batzordeko presidente zela ere bete ditu. Paradoxikoa da arau hau betetzen dela zaindu beharko lukeena izatea arauari ez ikusiarena egiten diona", adierazi du Gentza Alamillo jeltzaleen bozeramaileak.

Oposizio taldeak azpimarratu du EAJk gobernatzen zuenean onartu zela araudia eta horren helburua zela kontzejuen likidezia bermatzea euren jarduerak aurreikuspenez prestatzeko. 

Gauzak horrela, udal gobernu taldeari leporatu diote "planifikazio eta sentsibilitate falta" eta Pruden Otegi alkateari eskatu diote udal ordenantzak datozen ekitaldietan ezarritako ordainketa-epeak zorrotz betetzeko, batzarrek dagokien finantzaketa garaiz eta behar bezala jaso dezaten. EAJren ohar osoa hemen irakur daiteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide