Aiarako Euskararen Asteburuak jende ugari erakarri du hiru egunez

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 22a

Hogeitalau elkarteak antolatutako egitasmoak umeak eta familiak mobilizatu ditu hiru ekintza ezberdinekin.

Aiarako Euskararen Asteburua arrakastatsua izan da. Aurtengo edizioa hiru ekintzatan banatu dute. Ostiralean ikuskizuna eskaini zuten eta antolatzaileek oso ondo baloratu dute: "Kalitate handiko bakarrizketa izan zen: neska gazte batek bere sentimenduak idazten ditu egunerokoan; maitasuna, ikasketak, euskara, nortasuna.... Pijamaz jantzita bihotza guztiz zabaldu zuen artistak".

Larunbatean, aldiz, aiararrak eurak izan ziren protagonista eta udalerriko mapa osatu zuten, Administrazio Batzar guztiak kokatuta herriko mapan. Pandemiaren ostean utzi zuten ekintza hori, baina aurten bestelako planteamendua egin dute: "Aiarako Hizkuntzen Mapa aurkeztea izan zen aitzakia puzzlea osatzeko. Aiaraldeko Euskalgintza kontseiluak proposatutakoari ekin zioten aurreko ikasturtean Etxaurren ikastolan. Beraz, iaz egin zuten lanaren azalpen laburrak eman genituen plazan, umorea tarteka", azaldu dute. Guztira, 21 herrialdeko bizilagunak dituzte Aiaran eta lau hizkuntza baliatzen dituzte: euskara, gaztelera, errumaniera eta arabiera.

Azkenik, igandean I. Mikrobideoen Lehiaketaren ordua heldu zen. Jende andana bertaratu zen prestatutako ikus-entzunezkoak erakarrita eta  partaideak protagonista izan ziren arratsaldeko lehen partean. "Guztira sei mikrobideo jaso genituen; sariduna Zuhaitz Dantzaria bideoa izan zen", aipatu dute. Hala ere, sari gehiago banatu zituzten.

Jarraian, Igande Arratsaldeak Familian ekimenaren ereduari jarraiki, askaria eta eskulan tailerra izan zuten bertaratutakoek. Gau Beltza ate joka dagoenez oihalezko mamu bat egin zuten.

Argazkiak: Hogeitalau elkartea

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide