Aiarako Udalak jakinarazi du proiektu bat amaitu berri duela eta beste bitan lanean ari dela. Burutu duen egitasmoa kalistenia parkea izan da. Kirol azpiegiturak 19.900 euro inguru balio izan du eta asmoa da ohitura osasuntsu eta kirol jarduerak sustatzea. Bitarteko berria Luiaondoko Otazu zubiaren alboan kokatu dute, baina ez Nerbioiko Parke Linealean, baizik eta ibaiaren beste aldean.
Herritarrentzako topalekua
Horrez gain, aiararrak elkartzeko toki berria garatzen ari dira Arespalditzan. Zehazki, herrigunean egiten ari dira obrak, haurren parketik hurbil eta anfiteatro izendatu dute azpiegitura berria. Gune hori atontzen ari dira eta barruan bankuak instalatuko dituzte.
Proiektuaren asmoa da adin oroko herritarrak batzeko eremua eskaintzea, baita ikuskizun txikiak antolatzeko oholtza gaitzea. Berez, aspaldi umeentzako parkea zegoen han eta desmontatu zuten. Udalaren xedeetako bat izan da inguru "polit" hori elkarbizitzarako prestatzea. Guztira, lanek 30.000 euro balioko dute.
Ibilgailu elektrikoen karga puntua
Aiarako Udalak aurreratu du herrian bi karga puntu jarriko dituztela ibilgailu elektrikoak elikatzeko. Bat Arespalditzan egongo da, elizaren atzean.
Tokiko erakundeak aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari egitasmoa doakoa izango dela, Ekiolaren bitartez hornituko baita eta Euskal Energiaren Erakundeak eraikiko duelako.
Patxita Etxea
Azkenik, gogoratu beharra dago duela zenbait aste amaitu zutela Patxita Etxeko lanak. Eremu horretan aiararrentzako toki publikoa garatu nahi dute, baina herritarrekin eurekin landu behar dute zertara bideratuko duten espazioa eta nola arautuko duten.
Ver esta publicación en Instagram