Aiarako EAJk etxebizitza sustatzeko programak eskatu dizkio udal gobernu taldeari

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 22a

Gentza Alamillo EAJren bozeramailea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Oposizioko talde nagusiak adierazi du udalerria biztanleria galtzen ari dela eta EH Bilduk adierazi du ez dagoela ados analisiarekin.

Aiarako EAJk prentsa ohar oso kritikoa plazaratu du, udal gobernu taldeari eskatzeko etxebizitza sustatzeko politikak abiatzea. Izan ere, jeltzaleek aipatu dutenez, "azaroaren 2an argitaratutako datuen arabera, Aiara da lurraldean biztanle gehien galdu dituen udalerria".

Hori dela eta, premiazko neurriak eskatu dizkio EH Bilduri. Adibidez, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria onartzea, etxebizitza libre eta babestuak sortzeko bi hirigintza-eremuak aktibatzea eta egungo etxebizitza bultzatzeko ekimenak "alokairua errazteko, birgaitzeak laguntzeko edo gazteei Aiaran beren bizi-proiektua garatzen laguntzeko".

Gentza Alamillo bozeramaile jeltzaleak paralisia eta immobilismoa leporatu dizkio udal gobernu taldeari eta zenbait neurri proposatu ditu oposizioko talde nagusiak:

  • Alokairurako laguntza-programa bat sortzea, 25.000 eurokoa, udalerrian erroldatuta dauden eta jabetzan etxebizitzarik ez duten eta diru-sarreren muga batzuk betetzen dituzten pertsonentzat, izaera soziala bermatzeko.
  • Osagarri gisa, etxebizitzak eta baserriak birgaitzeko laguntza-lerro bat bultzatzea iradoki du, 30.000 euroko zuzkidurarekin. Helburua bikoitza da: ondare arkitektonikoaren kontserbazioa erraztea eta familiei Aiarako bizi-proiektua garatzen laguntzea. Onuradunek udalerrian bizi beharko lukete gutxienez hamar urtez, edo, bestela, birgaitutako etxebizitza alokairuko merkatuan jarri, Eusko Jaurlaritzaren programen bidez.
  • Lehentasunik handiena ematea etxebizitza libre zein babestua sortzen duten hirigintza-proiektu guztiei, egiteke dauden garapenak desblokeatuz eta Hirigintza arlotik izapideak arinduz.

EH Bildu desados datuekin

EH Bilduko udal gobernu taldeak, bere aldetik, erabateko desadostasuna adierazi du EAJrekin. Bere ustez, abiapuntua oker dago. Koalizioak azaldu du Aiara ez dela biztanle gehien galdu duen udalerria eta, euren aburuz, EAJk nahasten du Aiaraldeko eta Aiarako egoera.

EH Bilduk eskura dituen datuekin, ziurtatu du 2016tik ez dela egon biztanleriaren galera nabarmenik. Zehazki, 2016an 2.945 herritar zeuden Aiaran eta orain 2.920 dira, baina tarteko urte askotan (2017an, 2018an, 2019an, 2020an) aiarar gehiago egon dira eta baita gutxiago ere (2023an).

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide