Kolore biziek, ez-ohiko forma eta itxuretako pertsonaiak eta bizitza errealean nekez ikusi ahalko genituzkeen egoerek hartzen dute Artium museoaren gazteentzako irakurketa-espazio berria. Raisa Alava artista zuhatzarraren Nomen Omen lana da eta, espazioa girotzeaz gain, museoak bere bildumaren parte izateko eskuratu du.
Hurrengo Geltokia podcastera gonbidatu genuen Alava ekainean, eta bertan aurreratu zuen bere udako plana “oraindik kontatu ezin zuen proiektu oso handi bat sortzea” izango zela. Orain badakigu zertan zetzan proiektua eta gertutik ezagutu nahi izanez gero Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa bisitatu beharko dugula.
Museoaren espazio berri batean kokatua dago obra: artea gazteenei hurbiltzeko asmoz sortutako kontsultarako gunean.
Alavak komikitik hurbil dagoen egitura narratibo batetik abiatuta egituratu du obra eta, inaugurazio ekitaldian aipatu zuenez, gutxi gorabehera lineala da, bertan daudenak hormari begira entretenitu ahal izateko.
Zentzu horretan, artistak bilatu izan du ikusleak bere lanaz "lasaiki" gozatzea eta espazioko liburuen artean murgiltzea, bere marrazkiek iradoki dezaketen hori nahieran interpretatuz.
Izena ere ez dio alferrik jarri Alavak: Nomen Omen. Latineko esamoldeak esan nahi du norberaren izenak definitzen duela bakoitzaren patua, baina inolako konnotaziorik gabe, alegia, ez du zehazten zorigaiztokoa edo zorionekoa izango den.
Esan bezala, museoaren espazio berri batean kokatua dago obra. Artea gazteenei hurbiltzeko asmoz sortutako kontsultarako gunea da, eta argitalpen sorta berezi bat biltzen du: “begiradaz eta eskuez ukitu, behatu eta aztertu daitezke liburu horiek, eta haien testura, kolore eta formek kontakizunetan eta artisten bizitzetan murgiltzen gaituzte”.
Raisa Alavak ere ekarpena egin nahi izan dio liburutegiko bildumatxoari eta hainbat liburu aukeratu ditu bertako apalategietan jartzeko.