Eusko Jaurlaritzako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak atzo argitaratu zuen aurretiazko administrazio-baimenako prozedura abiatu duela PB Navegantes 31 azpiegitura energetikorako.
Lemon Tree Power enpresa da Murgan instalatu nahi duten egitasmoaren sustatzailea eta 23 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin nahi duela jaso du dokumentazioan.
Instalazioari dagokionez, 23 MW biltegiratzeko balio beharko luke 'stand alone' motako BESS bateriak erabilita. Teknologia horren helburua da energia berriztagarriaren kudeaketan laguntzea, gehienbat, produkzioak kontsumoa gainditzen duenean. Hau da, eskualden garatu nahi dituzten bestelako proiektuetara egongo da lotuta.
Alegazioak
Berez, aurreko fasean Aiarako Udalak alegazioak egin zituen, enpresak zoru industriala hautatu duelako horretarako eta, tokiko erakundeak azaldu duenez, hirigintza araudia aintzat hartuta, horrelako eremuetan ezin dira eraiki oinarrizko zerbitzuak emateko azpiegiturak.
Aiaraldea Komunikabideak galdetu dio Udalari ea alegazioen erantzunik jaso duten iragarki ofizial hau baino lehen, baina aipatu dute ezetz.
Alegazioak prestatzeko 20 egun daude eta proiektuaren informazio guztia hemen deskargatu daiteke.