Larunbatean 10:00etan hasiko da lehiaketa Lantenoko Eskoletan inskripzioarekin eta 10:30ean ekingo diote marrazteari. Epaimahaiak 13:30ean jakinaraziko ditu irabazleen izen-abizenak, baina sorpresa atsegin gehiago egongo dira.
Izan ere, parte-hartzaile orok oparia jasoko du eta garaileen sari didaktikoetaz gain, bestelako oparia ere egongo da. Antolatzaileek ez dute zehaztu zer izango den, baina beste urte batzuetan mikroskopio bat edo bizikleta bat izan dira. Berez, parte hartzaile guztien artean zozkatuko dute.
Goiz osoan gaztain erreak eta txokolatea jateko aukera emango dute, ez soilik 15 urtetik beherako marrazkilarientzat, baita guraso edo lagunentzat ere.
38 urteko ibilbidea
Lehiaketaren antolatzaileek gogoratu dute XXXVIII. edizioa izango dela aurtengo eta denbora luze horretan guztietan funtzionamendua ez dutela asko aldatu. Hasieran kalean egiten zuten deialdia, baina ikusita abenduan eguraldia ez dela lagungarria, eskola zaharretan egitea erabaki zuten.
Ekimenaren ereduari dagokionez, 15 urte baino gutxiago dituzten marrazkilariek parte hartzen dute eta antolatzaileek aurkezten dieten irudi bat kopiatu, interpretatu edota hobetu behar dute. Antolakuntzarekin eta parte hartzaileekin harremanik ez duten irakasleak deitzen dituzte epaimahai lanak betetzeko.