Hilabeteko lanaren ostean, gaur egin dute publiko Aiarako bola-jokoaren oinarriak bildu eta azaltzen dituen bideoa. Aiaraldeko Kuadrillak sustatutako egitasmoa izan da honakoa, eta eskualdeko klub guztien babesa izan du.
Luiaondoko Otueta Gizarte etxean proiektatu dute estreinakoz bideoa. Aiaraldeko bolatoki klubetako presidente guztiek parte hartu dute ekitaldian, baita dozenaka herritar eta zaletu ere. Bideoak eskualdeko bolatoki guztien birpasa eskaintzen du, eskualdeko kirolaren oinarriak azaltzearekin batera. Iñigo Pinedo kuadrillako presidenteak azaldu duenez, herritar ororen eskura egongo da ikus-entzunezko pieza urtarriletik aurrera, bolatoki guztietan instalatuko dituzten QR kodeen bidez.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte