Herritarren ideiak biltzeari ekin dio Aiarako Udalak, 2026ko aurrekontuetan txertatzeko

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 30a

Arespalditzan sortutako "anfiteatroa". / Aiarako Udala

Internet bidez bete ahalko da inkesta bat eta proposamen bozkatuenekin berriro galdetuko du tokiko erakundeak.

Aiarako Udalak jakinarazi du 2026ko aurrekontuen lanketarekin hasi dela eta, horri lotuta, herritarren ekarpenak islatzeko tartea ere badagoela gogoratu dute. Zehazki, 20.000 euroko egitasmoa garatuko dute prozedura horren bitartez.

Gauzak horrela, Aiaran erroldatutako 16 urtetik gorako lagunen asmoak eta iritziak jasotzeko bidea ireki du Udalak, inkesta bitartez. Galdetegia hemen bete daiteke. Horren barruan bi aukerekin egingo dute topo interesdunek.

Alde batetik, herritarrei eskatuko diete bozkatzeko zer nahiago duten: Luiaondoko pista gorria konpontzea, Ibaguengo kirol eremuko betelana bukatzea, Arespalditzako anfiteatroko parkea osatzea espazioa naturalizatuta eta altzari berriak jarrita, edo Pump Track bat sortzea Ibaguengo pistako ilargi erdi batean.

Horrez gain, norberak bere proposamenak egiteko espazioa prestatu dute. 

Bi bozketa fase

Inkestari erantzuteko lehen epea urtarrilaren 5era bitartekoa izango da. Babes gehien jasotzen duten ideien artean hautatzeko bigarren bozka txanda irekiko dute, urtarrilaren 7tik urtarrilaren 14ra bitartekoa.

Udal gobernu taldeak azpimarratu du ekimen hauetan parte hartzeko garrantzia. "Herritarrek eskatu zuten soinu eta argiztapen ona duen lokal bat eta horretarako hobetu dugu udalbatza aretoa. Halaber, Arespalditzatik Ibaguenera joango den bidegorria ere proposatu zuten eta guk urratsak eman ditugu hori ahalbidetzeko. Orain, Arabako Foru Aldundiko Errepideen Departamentuak erabaki behar du baimena emango digun egiteko. Ideiak onak badira, saiatuko gara egikaritzen, bidegorriarekin egin bezala", adierazi du Karmele Poblacion zinegotziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide