Aiarako EAJk oharra zabaldu du kolokan jartzeko udal gobernu taldeak baliatzen duen parte hartze prozedura aurrekontuetan. Jeltzaleek azpimarratu dute 2025ean 20.000 euro bideratu zirela horretara eta soilik 5.142,50 baliatu direla, BEZa barne. Gentza Alamillo oposizioko taldeko bozeramailearen iritziz, oso balantze pobrea da eta kritikatu du eredu bera erabiliko dela 2026an, "autokritikarik egin gabe".
Horrez gain, EAJk zalantzak ditu erabiltzen diren tresnen inguruan: "Inkestetan adierazten da parte hartzeko 16 urtetik gorakoa izan behar dela, Administrazio Batzarra aipatu behar dela eta Aiaran erroldatuta egon behar dela, baina egia da ez dagoela egiaztapen- mekanismorik baldintza horiek betetzen direla bermatzeko".
Halaber, jeltzaleentzat proposatutako bidea oso mugatua da eta online inkesta ez da eurentzat nahikoa: "Hori ez da benetako parte-hartze prozesu bat. Kontsulta oso mugatua da, kontrasterik gabe, eztabaidarako tarterik gabe eta laguntza teknikorik gabe".
Gauzak horrela, bestelako parte hartzea aldarrikatu du EAJk: "Ezin dira herritarrak proposamenak aurkeztera animatu, prozesuaren amaieran (baita behin betikoa aukeratzeko bigarren bozketa baten ondoren ere) asko arrazoi tekniko edo administratiboengatik bideraezinak direla egiaztatzeko".