PRUDEN OTEGI ETXEBARRIA

“Espero dugu elkarbizitza ez bilakatzea alderdikeritan aritzeko tresna eta bestelako interesik ez nahastea, oso kontu delikatua baita”

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 26a

Pruden Otegi Etxebarria alkatea bere bulegoan. / Aiaraldea.eus

Aiarako Udal Gobernu Taldeak erronka berri ugari izan ditu 2025ean. Hasteko, EH Bildu bakarrik geratu da tokiko erakundearen gidaritzan, baina horretaz gain ildo oso garrantzitsuak landu behar izan dituzte: mugikortasuna, energia berriztagarriak, elkarbizitza... Horri guztiari buruz mintzatu da PRUDEN OTEGI ETXEBARRIA alkatea. 

2025ean Aiara Batuzek udal gobernu taldea utzi zuen, nola aldatu da funtzionamendua eta giro politikoa geroztik?

Guretzako lan handiagoa suposatu du, gai guztiak hiru pertsonen artean eraman behar ditugulako eta gure dedikazioa are handiagoa delako egun.  

Aiara Batuzekin gaiak adosten joan behar dugu baina orain arte oposizio eraikitzailea izan da. Gaiak adosten ari gara. Ez dugu beti iritzi bera baina gai gehienetan akordioak lortzen ari gara. 

Mugikortasuna izan da aurtengo gaietako bat. Zein ekimen egin dituzue Aldundiari eta Renferi begira eta zein erantzun jaso duzue?

Egia esan, oraindik ez dugu gauza handirik lortu, saiatu garen arren.  Aldundiko Mugikortasun Departamentuarekin hitz egin dugu, sinadurak lotu genituen autobusak eta trenak geldialdi gehiago egiteko Luiaondon... Erantzunik jaso gabe. Azkena, urrian mozio bat onartu genuen Udaleko talde guztiek datorren urteko autobus lizitazioetan Luiaondon autobusak sartu eta geldialdiak egiteko, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso.

"Aiara Batuzekin gaiak adosten joan behar dugu baina orain arte oposizio eraikitzailea izan da"

Mugikortasun kolektiboa sustatzeko Kudea Go aplikazioa jarri duzue abian, zein da balorazioa?

Ez du arrakasta handirik izan. Aiaran kutsadura gehien sortzen duen atala garraioa da. Auto  partikularraren erabilera oso altua da, gehienetan pertsona bakarra doala. Baina ohiturak aldatzea zaila da eta saiatu arren ez dugu lortu. Hala ere, saiakera egin behar genuela argi izan dugu Agenda 2030 konpromisoen artean mugikortasunaren emisioak kontrolatzea barne dagoelako. 

Auzokideak animatu nahi ditugu eskura daukaten aplikazio hori  deskargatu eta erabiltzera, isurketak gutxitzeaz gain, euren gasolinan gastua murrizteko ere. 

Zeintzuk izan dira Tokiko Klima eta Energia Planaren ondorioak?

Aurkezpen publikoa egingo dugu batzar administratibo eta auzokideak ezagutu dezaten eta euren ekarpenak egin ditzaten.

Zein da makroproiektu energetikoen egoera Aiaran?

Sartu gineneko egoera bera, baina estuagoa. Proiektu bera behin baino gehiagotan sartzen da eta energia, denbora eta diru asko erabili behar dugu panorama argitzeko. Behin eta berriro eskatzen dugu energia berrien hedapena planifikatu eta ordenatu behar dela, atal horiek konpainia handien eskuetan utzi gabe. PTS oraindik ez dago behin betiko onartuta eta, egia esan, ez dakigu asko ordenatuko duen. Oso Udal txikia gara eta inpotentzia eta ezintasuna sentitzen dugu. 

Gure konpromezua hiritarrak informatuta izatea da eta ahal dugun neurrian, posibilitate eskasak ditugun arren, sektorea ordenatzea. 

"Proiektu bera behin baino gehiagotan sartzen da eta energia, denbora eta diru asko erabili behar dugu panorama argitzeko. Behin eta berriro eskatzen dugu energia berrien hedapena planifikatu eta ordenatu behar dela, atal horiek konpainia handien eskuetan utzi gabe"

Eta komunitate energetikoena?

Momentuz bi komunitate nahiko aurreratuta daude, Zuhatzan eta Sojon, eta hirugarren bat lehen  pausoak ematen hasi da, Ozekan. Hurrengo urtean Batzar Administratibo gehiago bide horretatik jarraitzea espero dugu.

Urrian desokupazio enpresa bat izan zenuten Luiaondon. Zein da zuen iritzia horri buruz eta zer egin duzue?

Etxe bat okupatu dute Luiaondon. Herrian elkarbizitza arazoak sortu ditu eta, gure ustez, arazoari ez begiratzeagatik ez da desagertuko. 

Lehenengoz arazo sozial moduan saiatu gara aurre egiten. Baina Udalak ez du baliabiderik egoera horri aurre egiteko. Gutun bat idatzi diogu Arabako Zerbitzu sozialei Aiarara  baliabideak bidaltzeko baina oraindik ez dugu erantzunik izan. Etxea okupatu dutenekin hitz egin dugu herriko egoneza baretzeko eta Ertzaintzarekin informazioa elkartrukatu dugu.  

Era berean, saiatu gara udaleko hiru alderdi politikoen artean testu bat adosten herriko giroa  lasaitzeko, baina azken hori ez da posible izan. Arazoa konplexua da, askoz konplexuagoa aurre egitea oso baliabide gutxi daukan gu bezalako udalerri txiki batetik. Auzi honetan eskubideak dituzten pertsonak daude, alde guztietan, eta uste dugu ondo aztertzea eta soluziobideak bilatzea eskatzen duela. Espero dugu arazo hau alderdikeritan aritzeko tresna ez bilakatzea, eta bestelako interesik ez nahastea, elkarbizitza oso kontu delikatua baita.

Kirol eta aisialdi azpiegitura berrien obra nahiko egin dituzue azkenaldian, ezta?

Arespalditzan Anfiteatro deitzen dioguna antzinako umeen parke bat aprobetxatuta. Egoteko tokia eta formato txikiko ikuskizunak bertan egiteko. Bi puntu elektrikoak kotxeak kargatzeko Luiaondon eta Arespalditzan. 

Kalistenia parkean Otazu zubiaren alboan. Gure asmoa Luiaondon ekipamendua auzoen artean banatzea izan da. 
Udaletxeko Areto Nagusiaren akustika eta argiteria hobetu da, aurreko urteko aurrekontu parte hartzaileetan eskatu baitzuten entzumen oneko areto bat izatea. Luiaondoko pista estalian lanak hasi dira hiru metrotik gora alboak estaltzeko eta atrio bat egiteko. 

Udaletxe Zaharreko proiektua egiteko laister lizitatuko da, urtea amaitu baino lehen, espero dugu. 

"Asko igo da zabor bilketen enpresari ordaindu behar zaiona, baita Gardelegin zaborra uzteagatik ordaindu behar diren tasak ere. Egindako igoera espero dugu nahikoa izatea gastu guzti horiek estaltzeko"

Aiarako Udalak % 11,38ko igoera ezarriko du zabor bilketaren tasan, europar legedia betetzeko, hurrengo urteetan ere egin beharko dituzue?

Asko igo da zabor bilketen enpresari ordaindu behar zaiona, baita Gardelegin zaborra uzteagatik ordaindu behar diren tasak ere. Egindako igoera espero dugu nahikoa izatea gastu guzti horiek estaltzeko. Beraz, hurrengo urteetan ez dugu uste tasak igo beharko direnik. 

Era berean, hobari batzuk aurreikusi ditugu 2026an eskatzeko eta 2027an aplikatzeko konpostajearen inguruan. 

Elkarrizketa bukatzeko, nolako emaitza utzi dizue Patxita Etxeko parte-hartze deialdia?

Oraindik ez ditugu datuak, jakin bezain pronto jakinaraziko dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide