Asteburuan amaitu da Luaiondoko Neguko Bola Txapelketa eta, hiru jardunaldien ondoren, Aitor Parrilla eta Zuriñe Ruiz izan dira lehen sailkatuak gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan.
Edonola ere, ez zen garaipen erraza izan. Gizonen mailan 226 puntuko berdinketa egon zen finalean eta 35 puntuko jaurtiketa egin behar izan zuten txapelduna nor zen erabakitzeko. Txanda horretan Parrillak lortu zituen Joseba Mirasek eta Carlos Olabarrietak baino emaitza hobeak.
Emakumezkoen artean Zuriñe Ruiz izan zen onena, nahiz eta denbora gutxi dabilen bolo aiararrean jokatzen. Bere atzetik Estrella Alonso eta Bego Perez sailkatu ziren.
Guztira 73 jokalarik parte hartu dute lehiaketan eta Lekubatxe klubak oso balorazio positiboa egin du. Parte hartzaile ororen artean Igone Torrealday eta Iñar Torrealdayren kasuak nabarmendu dituzte. Hamar eta zazpi urteko gazteak saritu zituzten, klubak uste baitu kirolaren etorkizuna izango direla.
Argazkiak: Lekubatxe Bola-joko Taldea