Aiarako Udalak aldaketa nabarmenak ezarriko ditu Gaztelekuan ostiraletik ikasturte amaierara arte. Luiaondon kokatuta dagoen azpiegiturak ostiral eta larunbatean soilik irekiko ditu ateak ordutegi zabalagoekin eta adingabe gehiagori eskainiko die zerbitzua.
Zehazki, honako hau izango da ordutegia:
- Ostiralean 18:00-21:30: 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat.
- Larunbatean 16:30-19:30: 9 eta 11 urte bitartekoentzat.
- Larunbatean 19:30-22:00: 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat.
Finean, familien eskaera jaso eta erabilera datuen jaitsiera ikusita, parte-hartzaile gehien dituzten egunetan metatu dituzte irekiera orduak eta adingabeen sektore berri bati eskainiko diote tokia, 9 eta 11 urte bitartekoei.
Helburua da gazte gehiagok izatea eskura zerbitzua, bitartekoak ahalik eta gehien ustiatzeko. Halaber, Udalak gaineratu du adin guztiak ez dituztela nahastuko bakoitzak behar ezberdinak dituelako eta adin bakoitzeko eremu segurua sortu nahi dutelako.
Ekainera arteko tartea proba gisa hartuko dute eta gero datuak aztertu eta alderatuko ditu tokiko erakundeak, hurrengo ikasturterako eredua zehazteko.