Martxoaren 18an amaituko da Aiarako jaien kartel lehiaketara aurkezteko epea

Maider Ramirez Martin 2026ko martxoaren 13a

Etxaurren Ikastolako haurren danborrada izaten da jaietako ekintza nagusietako bat. / Aiaraldea.eus

Helduen kategorian 300 euro emango zaizkio irabazleari. Sarituak diren haurrek 60 euroko opari-txartelak eskuratuko dituzte. 

Hilabete eskas baino ez da falta Aiarako jaietarako eta martxan da dagoeneko kartelen lehiaketa. Edozein pertsona aurkeztu ahalko da, kategoria ezberdinetan. Martxoaren 18ra arte egongo da zabalik proposamenak entregatzeko epea.

Hiru kategoria planteatu ditu Udalak, adinaren araberakoak: 14 urtetik gorakoen kategorian, 300 euro irabaziko ditu saridunak. 10-14 urte bitarteko gazteen kategorian zein 10 urtetik beherakoenean, 60 euroko opari txartela banatuko zaie irabazleei. Haurren kategorietan beharrezkoa da Aiaraldean erroldatuta egotea, baina ez, ordea, helduen kasuan.

Lehiaketaren oinarriak

Parte hartzaileek nahi beste proposamen aurkez ditzakete, beti ere lema ezberdinak erabiltzen badituzte, lanak jatorrizkoak eta aurretik argitaratu gabeak badira eta aurretik saririk jaso ez badute. Era berean, zehaztu dute ez direla marrazki ez mezu sexista, xenofobo ezta arrazistak dituzten diseinuak onartuko.

Irizpide teknikoei dagokienez, Obrak 80 zentimetroko altuera eta 60 zentimetroko zabalera izan beharko du gehienez, eta koloretan egon beharko du.

Lanak sinadurarik gabe aurkeztuko dira Aiarako Udalaren bulegoetan (Arespalditzan eta Luiaondon), eta gutun-azal batean honako hauek sartu beharko dira: Alde batetik, aurkeztutako lanaren lema; eta bestetik lana aurkezten duen pertsonaren identifikazio eta harremanetarako datuak, alegia, izen-abizenak, NAN/AIZ, jaioteguna, posta elektronikoa eta harremanetarako telefono-zenbakia.

Epaimahaia alkateak, Kultura Batzordeko bi kidek, Etxaurren Ikastolako guraso elkarteko ordezkari batek eta Llantenoko Arte Eskolako kide batek osatuko dute.

Aurkezten diren kartelek bete beharreko ezaugarri teknikoak eta bestelako oinarriak, Aiarako Udalaren webgunean kontsultatu daitezke, hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide