Aiarako kultura zinegotziak dimisioa eman izana kritikatu du EAJk, agerian utzi duelako “gobernuak udal kudeaketaren funtsezko arloetan egitura sendoa eta lan-ildo jarraitua mantentzeko dituen zailtasunak”.
Jeltzaleen ustez, “kudeaketa eta norabide politiko falta nabarmena” islatzen du horrek.
Opozisioko taldeko kideek uste dute honakoa ez dela “gertaera isolatu bat, agintaldiaren hasieratik errepikatzen ari den egoera bat baizik”. Izan ere, gogorarazi dute duela urtebete dimititu zuela arlo bereko aurreko zinegotziak, eta horrek “zuzenean” eragiten diola “udalerriarentzat sentikorrak diren eremuetan politika publikoak planifikatu eta garatzeko gaitasunari”.
Horri lotuta, nabarmendu dute kultura saila ezin dela egon “etengabeko gorabeheren” mende, “jarraipena, plangintza eta talde sendoa” behar dituelako “epe ertain eta luzerako proiektuen garapena bermatzeko".
Azken dimisio hau testuinguru orokorrago baten barruan kokatu dute jeltzaleek, argudiatuz “ezegonkortasun politikoa” egon dela legealdi osoan, Aiara Batuzek udal gobernua utzi zuenetik batez ere.
Gainera, azken dimisio hau testuinguru orokorrago baten barruan kokatu dute jeltzaleek, argudiatuz “ezegonkortasun politikoa” egon dela legealdi osoan, Aiara Batuzek udal gobernua utzi zuenetik, batez ere. Izan ere, nabarmendu dutenez, ordutik hona hiru zinegotzi soilik aritu dira udal gobernuan. "Askotan esan dugu: Aiarak eta gure bizilagunek ez dute kaos politiko hau merezi. Esan genuen itun artifizial hark ez zuela iraungo, ez zela serioa, eta denborak arrazoia eman digu. Erabateko ezegonkortasun egoera okerreko erabaki haren emaitza zuzena da", azpimarratu dute EAJko kideek.
Horren aurrean, “oposizio irmo eta arduratsuaren aldeko konpromisoa” berretsi du taldeak, “herritarren eskaerak helaraziz eta Aiara hobetzeko proposamenak eginez, seriotasunetik, gardentasunetik eta errespetu instituzionaletik abiatuta".
Udalaren erantzuna
Aiarako Udal Gobernuak, bere aldetik, “demokraziaren funtzionamendu normalaren barruan” kokatu ditu mota honetako dimisioak, EAJko zinegotzien artean ere aldaketak egon direla gogorarazita. Era berean, ziurtatu du jarraikortasuna bermatuta dagoela kultura sailean, eta hurrengo udalbatzan jakinaraziko dutela nor izango den zinegotzi berria.