Ia urtebete itxaron ostean, Soxok badu komunitate energetikoa funtzionamenduan

Aitor Aspuru Saez 2026ko apirilaren 23a

Soxoko instalazioa.

Iberdrolak martxoan ahalbidetu zion Soxoko komunitate energetikoari elektrizitatea ekoiztu eta kontsumitzea.

Soxon sortutako komunitate energetikoak ekin dio bere bazkideentzako elektrizitatea produzitzeari. Guztira 16 kide daude eta horri gehitu behar zaio Administrazio Batzarra bera, zeinak hamaika argi publiko eta zentro soziala hornitzen dituen.

Jadanik 4,75MWh banatu ditu azpiegitura fotovoltaikoak -kontzejuaren eraikin batean kokatuta dagoena- eta bi urteko prozedura itxi da horrela. Izan ere, Soxon 2024an hasi ziren egitasmoa lantzen. Komunitate Energetikoen Sarearen bitartez lortu zuten babes juridikoa kooperatiba abiatzeko eta fakturak kudeatzeko.

Gero finantzazioa ere eskuratu zuten Energiaren Euskal Erakundearen bitartez. Zehazki, proiektu osoak 49.227,17 euroko inbertsioa eragin du. 36.575 euro EEEk berak eman zizkien eta gainerakoa bazkideek eurek ordainduko dute urtero kitatu behar duten kuota bitartez. Hain zuzen, hamar urtez 1.265 euro ordainduko dute guztien artean eta bakoitzak bere partaidetzaren arabera egingo du ekarpen ekonomikoa.

Iberdrolaren oniritziaren zain ia urtebete

Edonola ere, bere betebeharrei azkar egin bazien aurre, ia urtebetez egon da geldirik azpiegitura energetikoa. Iazko Aste Santuan instalazioa amaituta egon baitzen, baina Iberdrolak martxora arte luzatu du konexioa.

Aldaketa klimatikoa, auzolana eta Administrazio Batzarra

Soxoko proiektuaren oinarrietan, bazkide batek azaldu duen moduan, hiru zutabe daude. Alde batetik, aldaketa klimatikoari aurre egitea, karbono isurketak murriztea eta autonomia energetikoa handitzea. Bestetik, auzolana eta kontzejua bera. Herritarren artean bultzatu dute egitasmoa, soxotarrek gozatuko dute eta kooperatiba ez da instalazioaren jabe, baizik eta Administrazio Batzarra bera. Horrela ziurtatu nahi dute jendea joan ala etorri, bitarteko hori beti izango dela herriarena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide