Iazko marka berdindu eta bigarren urtez jarraian Buruz Buruko Txapelketako finalerdietan arituko da Iker Larrazabal pilotari aiararra. Erabat irekita zegoen final laurdenetako kanporaketa B multzoko pilotarientzat. Izan ere, guztiek zuten aukera bat edo beste aurrera egiteko.
Irabaztea zuen beharrezko Larrazabalek eta horrela egin zuen atzo Labrit pilotaleku iruindarrean jokatutako partidan. Olabezarrekoak 22-18 menderatu zuen Jon Ander Peña Baikoko pilotaria. Markagailuan atzetik iritsi zen Larrazabal lehenengo atsedenaldira, baina partida irauli eta irabaztea lortu zuen. "Tentsio handiko partida" izan zela aitortu dio Koldo Iriarte Larrazabalen botileroak Aiaraldea Komunikabideari.
Dario errioxarraren aurka jokatu beharko du orain Olabezarrekoak finalerako txartela eskuratzeko.