Ezohikoak izango da Aiarako aurtengo San Isidro feria, ez baita behirik egongo, dermatosi nodular kutsakorra deritzon gaixotasunagatik. Dena den, bestelako abereak ikusteko aukera egongo da azokan, makineriarekin eta tokiko ekoizleen produktuekin batera.
Ostiralean (maiatzak 15) izango da zita. 9:30etatik aurrera bisitatu ahalko da feria, eta bestelako jarduerak ere egongo dira goizean zehar: egurrezko jokoak, haurrentzako tailerrak, meza edota Aiara: Amamengatik bilobengana liburuaren aurkezpena. Eguerdian erakustaldien txanda iritsiko da, herri kirolen zein motozerraren bidezko tailaren eskutik. Arratsaldean, aldiz, “Retro festa” egongo da Arespalditzako enparantzan, 1980. hamarkadako pop-rock abestien kontzertuarekin.
San Isidro txiki
Azokan bertan egongo diren jarduerez gain, haurrek eurentzat berariaz prestatutako egitaraua izango dute ostiralean Arespalditzan, San Isidro txiki egingo baitute Gizarte etxean 4-12 urte bitarteko umeentzat. 6 euro balioko du parte hartzeak eta Udalaren webgunean eman behar da izena. Gaur (maiatzak 11) izango da horretarako azken eguna.