Behirik gabe izango bazen ere, Aiarako Udalak San Isidro Feria egiteko asmoa zeukan gaur, baina eguraldi euritsu eta kaxkarrak ezinezkoa egin du. Goizeko lehen ordutik euria eta txingorra ari du eta Udalak erabaki du bertan behera uztea, goizeko egitaraua gutxienez.
Gauzak horrela, arratsaldeko ekintzak mantendu dituzte soilik. 17:00etan genero eta amatasunari buruzko mahaingurua egongo da eta 18:00etan zineforuma.
20:00etan ere Retro Festa egongo da, 1980ko hamarkadako pop rock kontzertua egingo dute. Hori bai, azken musika emanaldi hori Arespalditzako jaietara dago lotuta nagusiki.
Gauean erakusmahaiak hankaz gora
Goizean euria egin du, iragarpenak aurreratu bezala, baina gauez eguraldiak eragina izan du aurretik instalatuta zeuden erakusmahaietan.
Hori ikusita, Udalak goizeko lehen orduetan hitz egin du azokan inplikatuta zeuden eragileekin (helduen ekintzetan zein haur ekintzetan) eta bertan behera utzi du, beste aldeekin adostuta.
EAJren ustez, aurreikuspen handiarekin jokatu ahal zuen Udalak
Oposizioko talde nagusiak, bere aldetik, kritikatu du goizean bertan behera utzi izana jarduera. EAJk aipatu du eguraldiaren iragarpena aurretik zegoela eta lehen sektoreari lotutako herritarrak prestatzen ari zirela animaliak eta produktuak Aiarako Udalak jakinarazi dienean egitaraua ez zela gauzatuko.
Gentza Alamillo bozeramaile jeltzaleak eskatu dio alkateari sentsibilitate eta aurreikuspen gehiagorekin jokatzea, are gehiago lehen sektorearekin; zeina, jarduera ekonomikoaz gain, herriaren identitatea ere den.
