EAJk prentsa oharra zabaldu du kritikatzeko Patxita Etxeko eremu sozialaren irekiera atzeratzen ari dela eta herritarrak horren zain daudela, ikasleak bereziki.
"EH Bilduko alkateak berak iragarri zuen urriaren 9an, sare sozialen bidez, lanak amaituta zeudela eta eraikina ireki aurreko prozesua hasiko zela. Ondoren, bai udal taldeei bai herritarrei zerbitzua apirilaren amaieran irekitzeko asmoa helarazi zitzaien. Hala ere, azken udal batzordeetan, gobernu taldeak epeak aldatu zituen berriro, eta irekiera maiatzaren 4aren inguruan kokatu zuen. Egoerak beste norabide bat hartu zuen eraikinak oraindik idatzitako jarduera-proiektua ere ez zuela jakin zenean, ezinbesteko dokumentua instalazioak legez ireki eta herritarren zerbitzura jarri ahal izateko", aipatu du oposizioko alderdi nagusiak.
Atzerapenaren iturburua, antza, jarduera ziurtagiriaren falta da. Hori lortzeko kanpo enpresa bat kontratatu du Udalak eta Gentza Alamillo bozeramaile jeltzalearen iritziz, are gehiago berandutuko da azpiegitura kulturalaren irekiera. Jeltzaleek zalantzan jarri dute lan hori ez ote zuen arkitektoak berak egin behar, aintzat hartuta bere lanaldia luzatu dutela.
EH Bilduren erantzuna
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da udal gobernu taldearekin eta horrek adierazi du jarduera ziurtagiria ez dutela eskura aurreko legealdian obrak kontratatu zituztelako (EAJren gobernuak) eta ez zutelako hori egin. Ondorioz, nahiz eta dena prest izan irekierarako, atzeratu behar izan dute jarduera ziurtagiria eskuratu arte.