Arespalditzako Administrazio Batzarra pozik dago sanisidroek izandako harrerarekin. Ekintza gehienak larunbatean izan ziren eta mendi ibilaldiarekin abiatu zuten egitaraua. "Parte hartzaile ugari bildu zituen eta, eguraldi txarra gorabehera, gogoz eta umore onez gozatu zuten ibilbidea", nabarmendu dute.
Patata tortilla txapelketa egin zuten gero, eta eguneko ekitaldirik alai eta dibertigarrienetako bat izan zen berriro, antolatzaileen ustez. Goizez eta arratsaldez puzgarri eskaintza anitza egon zen kirol pistan umeentzat.
Herri bazkarian babarrunak jan zituzten eta arespalditzarren ustez, bildu zen jendeak herriaren batasuna eta partaidetza islatu zituen.
Bazkalostean mus txapelketak ere parte hartze handia izan zuen eta lagun eta auzokide taldeak bertaratu ziren jokatzeko. Gauean, Txapela Bravarekin egindako berbena arrakastatsua izan zen, musikaz, dantzaz eta dibertimenduz betea. Jaien itxiera Otegiren eskutik heldu zen.
Argazkiak: Arespalditzako Administrazio Batzarra eta Aitor Aspuru Saez