JULEN IBARROLA

“Kontzejuetan bidegurutze bakoitzean hartu behar dugun norabidea herritar guztion artean erabakitzen dugu”

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 21a

Ardura berri bat hartu du JULEN IBARROLA izoriarrak: Arabako Kontzejuen Elkarteko presidentea da. Kontzejuen antolamenduaren nondik norakoak azaldu dizkigu, bai eta AKEk jardun horretan egiten dien ekarpena ere.

Izoriako administrazio batzarreko ordezkaria zara. Zelan hartzen duzu orain Arabako Kontzejuen Elkarteko (AKE) presidentea izateko ardura?

Ardura hau ezaguna da eta gustora hartzen dut. Nik elkartearen zerbitzuak behar izan ditut beti eta orain horretan laguntzeko nago hor. Administrazio batzarretan urte amaieran izan ziren hauteskundeak eta karguak berritu ziren. Arabako kontzeju gehienak, ia 330, AKEren parte dira eta buruan egoteko zerrendak aurkeztu daitezke. Zerrenda prestatu genuen eta hautagaitza bakarra izan zen. Harrezkero hemen gaude.
Zerrenda Arabako kontzeju gehiagotako kideek osatzen duzue.

Bai, lau gara eta saiatu ginen leku ezberdinetakoak izaten. Ardurak banatu ditugu, nor den burua, nor idazkaria… Baina guztion artean egiten dugu guztia. Horrela egiten da ere kontzejuetan. Administrazio batzarretan ohituta gaude lanak guztion artean egitera, eta horretan egingo dugu ahalegina. 

"Zergak ez ditugu kobratzen, tasak bai, ordea. Horrek esan nahi du lan handia dugula egiteko eta baliabideak mugatuak direla"

Administrazio batzarrak ezinbesteko tresnak dira lurraldeko gobernantzarako, baina haien inguruko jakintza ez da, beharbada, hain handia inguruko herri populatuagoetan. Nola funtzionatzen dute?

Administrazio batzarrak gobernantza sistema demokratiokena direla esan dezakegu. Bozka zuzenaren bitartez, herri-batzarretan erabaki guztiak hartzen dira. Ordezkariok kargu publikoak gara baina ez dugu kobratzen egiten dugun lanagatik, horregatik auzolana behar-beharrezkoa da.

Eskumenei dagokienez, Udal batek dituenen antzekoak dira, baina urbanismo arloan ez dugu zuzenean eskumenik. Zergak ez ditugu kobratzen, tasak bai, ordea. Horrek esan nahi du lan handia dugula egiteko eta baliabideak mugatuak direla. Zuzenean ditugun eskumenen artean dago, besteak beste, mendi kudeaketa, oso garrantzitsua dena, batez ere Araban non mendien %80 publikoa den. Hilerriaz, ur-horniduraz, estolderiaz, gizarte etxeaz, jaiez… ere arduratzen gara. Gutxi gorabehera Udal batek dituen zeregin berak dira, baina guztion artean kudeatzen ditugu, asanblada irekian.

Bitarteko oso urriak dituzuela aipatu duzu. Alde batetik Udalak dirua banatzen du Adminstrazio Batzarren artean, baina obra txikiak zein handiak egiteko kanpoan bilatu behar duzue finantzazioa. 

Administrazio Batzar batek, adibidez, Maroñok, baditu urtean zehar finkoak diren diru sarrera batzuk, Laudiori edo Artziniegari bezala sartzen zaizkionak. Baina kopuru hori beharbada 6.000 eurokoa da. Horrekin agian 300.000 euroko obra bat egin behar du kaleak konpontzeko. Horren aurrean dirulaguntzak bilatu behar ditu, edonon: Udalean, Foru Aldundian, Europan Erein programaren bitartez… Azken horretan erakunde askok egiten dute eskaera eta gure apusutua izaten da ideirik onenak aurkeztea, hobekien jantzita, diru ehunekorik handiena lortzeko, finantzazio handia behar izaten baitugu %90 edo %100. Izapide horiek egitea eguneroko lanaren gehiena dakartza. 

Lan horretan paper garrantzitsua jokatzen du AKEk.

Ezinbestekoa. Azken finean, Udal batean administrari profesionalak daude, idazkari-kontuhartzailea dago, ingeniariak, arkitektoak… Administrazio Batzarra herritarrek osatzen dugu eta bakoitzak bere alorreko jakintzak ditu. Horretarako dago AKE. Bertan adminstrariak daude, ingeniariak, arkitekto bat, abokatu bat, sare sozialetako aditu bat… Adibidez, orain izapide guztiak egoitza elektronikoaren bidez egin behar direnez, horretarako baliabideak ere eskura jartzen ditugu.

Beste alde batetik, azken urteetan ez da egon artxiboak ordenatzeko dirulaguntzarik, eta orain Aketza Merino historialari amurrioarrak lan horretan lagunduko digu, eta herrietako altxor horiek digitalizatzeko eta zabaltzeko asmoa ere badugu.

Horretarako dago AKE, herrian ditugun beharrei erantzuten laguntzeko, egunerokoak jan ez gaitzan.

"Energia berriztagarriak badira, esaterako, erronka garrantzitsu bat. Guk hor dioguna da egiteko modua aldatu behar dela"

Laguntza eskaintzeaz gain, kontzeju guztien interesak batzeko ikuspegi orokorra bermatzen du. Hurrengo lau urteetarako, zeintzuk dira erronka estrategikoak?

Energia berriztagarriak badira, esaterako, erronka garrantzitsu bat. Guk hor dioguna da egiteko modua aldatu behar dela. Orain arte ez dugu Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko Lurraldearen Plan Sektorialik izan, eta marko juridiko handi bat beharko genukeela uste dugu, batez ere enpresak gure lurretara heltzeko duten modua mugatzeko. 

Guk uste dugu entitate publikoek hartu behar dutela zuzenean horren gidaritza herrietatik presio hori kentzeko. Lerro batzuk zuzendu lur emankorrak eta ondarea babesteko, legeak betetzen joan daitezen eta espekulazioa arintzen joan dadin.

Beste arlo batean, errepideei dagokienez, uste dugu beharrezkoa dela legeen interpretazioa ez izatea beti hain negatiboa gurekiko. Baserrien zaintza berezi bat behar da eta beti horren kontra egiten dela dirudi. Dena ala ezer ez izan beharrean bitarteko bideak egon daitezkeela uste dugu guk. 

Kontzejuen araudia 1985ekoa da eta uste dugu berritu behar dela. Horretan daude Araba mailan eta onurak ekarriko ditu, adibidez kontzejuetako buruak hautatzeko irizpideei dagokienez. Transparentzia erramintak ere ekarriko ditu eta zentsura mozioak ere egin ahal izango dira. Normalean giroa lasaia da eta ez da horrelakoren beharrik, baina salbuespenak ere egon daitezke.

Beraz, lau urte hauetan, gure helburu nagusiak dira kontzejuei bultzada ematea eta gure jarduna ezagutaraztea. Ikusten dugu Udalek diotela herritarrei ahotsa eman behar zaiela eta hori sustatzen dute. Guk aspalditik egiten dugu hori eta zeharo gustagarria zaigu. Bidegurutze bakoitzean hartu behar dugun norabidea herritar guztion artean erabakitzen dugu. Funtzionatzeko modu hori tokiko entitate publiko batean martxan egotea merezi du ezagutua izatea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide