Construcciones Metálicas Ayala enpresa itxi eta 20 lanpostu suntsitu dituzte

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 28a

Construcciones Metálicas Ayala Murgan kokatuta dago. / Aiaraldea.eus

Apirilean aurkeztu zuten langile guztiak kaleratzeko espedientea eta jarduera ekonomikoa eten du enpresak jadanik. 

Construcciones Metálicas Ayala enpresako beharginek adierazitako beldurrak bete dira eta lantegia itxi dute. Langile guztiak kaleratzeko enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen zuzendaritzak apirilaren 7an.

Berez, espedienteak hamasei lanpostu suntsitu ditu, baina aurretik lau beharginek eskatu zuten enpresatik joatea, egoera ikusita. Hortaz, 20 enplegu desagertu dira guztira.

ELA sindikatuak azaldu du fabrikako langileekin bilera egin zutela apirilean eta guztiek adierazi zutela konpainia utzi nahi zutela, ez baitzuten etorkizun argirik sumatzen. Ondorioz, sindikatuak ez zuen errekurtsorik aurkeztu. Langile erakundeak erantsi du jabeak tokia husten ari direla.

Berez, urtarrilaren 30etik aldi baterako erregulazio espedientean zeuden beharginak. Lanaldiaren %100ean eragiten zien neurriak eta, hortaz, urte osoan ez dute Murgako azpiegituretan lan egin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide