Aiarako EAJk prentsa oharra zabaldu du kritikatzeko udal igerilekuen denboraldia astebete atzeratu dela. Zehazki, ekainaren 13tik 20ra mugitu da hasiera data. Jeltzaleek azpimarratu dute tokiko erakundeak bazekiela iazko azarotik konponketak egin behar zirela, udal aparejadoreak txostena egin zuelako, eta apirilera arte ez zuela kudeaketa egin.
Oposizioko taldeak nabarmendu du ekainaren 13an Etxaurren Ikastolako jaia dela eta data seinalatua dela hainbat familiarentzat.
Alderdi jeltzalearen ustez, gertakari hori agintaldian bizi izandako beste egoera batzuei gehitu behar zaie. Oposizioko alderdiaren iritziz, espedienteen antolaketarik eta jarraipenik ezaren ondorioa da atzerapena.
Halaber, EAJk udal langileen lana goraipatu nahi izan du, ohiko konponketak ia bukatuta baitzeuden denboraldi hasiera bermatzeko.