Ohitura bilakatu da Aiaraldeko jende askorentzat Gorobelera igotzea iraileko lehen larunbatean San Bitores ospatzeko. Batzuek oinez, beste batzuek ibilgailuz, aldapa gora egiten dute Kobatako inguruetan hamaiketakoa edota bazkaria partekatzeko eta egun gehiena han emateko. Ez dira gutxi egun horretan biltzen diren kuadrillak edota familiak eta eskualdeko jai egutegian erabat naturalizatuta dago abeltzaintzari lotutako jaia. Eta norbaitek ezin badu urte batean parte hartu, penaz bada ere, badaki hurrengo urtean aukera izango duela.
Dena den, erabat instituzionalizatu den data hori ez da horren zaharra. Ez behintzat abeltzaintza beste, inondik inora, ezta mendizerrako abeltzaintza modernoarena. Izan ere, sanbitoresak 1990eko hamarkadako hasieran sortu zituzten abeltzainek eurek.
Horrela gogoratu du Jose Mari Campok, garai horretan Aiarako zinegotzia baitzen: “Urte horretan auzolan ugari egin zituzten abeltzainek Gorobelgo bideak konpontzeko. Lan handia egin zuten elkarrekin eta ospatzeko afaria antolatu zuten. Afari horretan, eurek sustatuta, erabaki genuen jaia egitea”.
Askatu behar izan zuten lehenengo korapiloa izan zen zein santu hautatuko zuten. Izan ere, hiru santuren artean aukeratzeko tartea zegoen; San Migel, San Mames eta San Bitores. Abeltzain bakoitzak gertuen zuenaren alde egin zuen, baina, azkenean, adostu zuten San Bitores izango zela, inguruko sarbidea onena baitzen.
Lehenengo urte horretan aldarea eskaini zioten santuari. Hain zuzen, Jose Mari Campok berak auzolanetan ikusitako harri bat atera zuten hondeamakinarekin eta prestatu zuten mezarako. Hurrengo urteetan heldu ziren arkua (Cosme Somocurciok eginda) eta horren gainean jarri zuten San Bitoresen estatua. Campok oroitu du Luis Padurak berak landu zuela harria santuari forma emateko eta lan boluntarioa izan zela: “Soilik kobratu zuen harria erosteko”. Zinegotzi ohiak aipatu du ez zela lan erraza izan. Berez, garai horretan informazioa ez zen horren eskuragarria eta ez zeukaten San Bitoresen erreferenterik. Aiarar batek aipatu zuen Kantabrian ikusi zuela bazegoela bat. “Autoa hartu genuen Luis Padurak eta biok eta hara jo genuen. Herri txikia zen eta eliza jadanik itxita zegoen. Zorionez, emakume batek zuen giltza eta ireki zigun. Luisek argazki batzuk egin zituen eta hortik atera zuen inspirazioa”.
Lehen urtean Gasteizko Gotzaina
Jaiaren lehenengo edizioak agintarien arreta izan zuen eta Felix Ormazabal legebiltzarkidea eta Ahaldun Nagusia izatera heldu zena eta Gasteizko Gotzaina bertaratu ziren. Campok aipatu du herriko abesbatzak ereserkia prestatu zuela santuaren eta abeltzainen omenez eta harrera oso ona izan zuela eta duela ospakizunak.
Lehen urte horretan meza ez ezik, artzain txakurren lehiaketa eta ardien eta behien abeltzainen arteko sokatira txapelketa ere egin zituzten. “Beti zegoen lehiaren bat euren artean”, adierazi du irribartsu Campok. Nola ez, ez ziren falta izan txosna eta igel-toka lehiaketa.
Urterik urte osagai berriak erantsi dizkiote. “Bigarren urtetik aurrera musika ere jarri zuten Iñaki Otegik eta Campanera urduñarrak. Jota txapelketa ere deitu genuen. Gero izugarri arrakastatsua bilakatu da paella jana, noizbait ez baita arroza egon guztiontzat”.
Urratsez-urrats eta apurka-apurka 30 urte baino gehiago bete ditu jaiak eta ospakizunen paisaian bere tokia topatu du natura eta abeltzaintza erdigunean jartzen duen datak. Izan ere, egitarauaren alde oso garrantzitsua da urtero abeltzain bati egiten zaion omenaldia.