Otegi, Otegi Erromeria, Ganeko… izen askorekin ezagutzen zaitugu. Nola definitzen duzu zure burua?
Nik neuk nire burua definitzea baino, gainerakoek egiten dute (barreak). Bakoitzak modu batean ezagutzen nau, baina argi dagoena da zer eskaintzen dudan. Dantzaldietarako musika egiten dut nik nagusiki, eta horren barruan estilo desberdinak nahasten ditut. Garai bateko musika: rantxerak, pasodobleak, euskal musika… tarteka abesti modernoagoekin uztartzen dut; beti aukeratzen dut udan boladan dagoen abesti berriren bat errepertoriora gehitzeko.
Ganeko da izen artistikoa beraz?
Bikote musikala ginenekoa da izena. Nire kidea 2018an hil zen, baina oraindik ere Ganeko bezala ezagutzen naute askok. Baina esandakoa, herri bakoitzean modu desberdin batean aurkezten naute karteletan.
Nola hasi zinen zuzeneko musikari lanetan?
Akordeoia jotzen ikasi eta gutxira hasi nintzen oholtza gainean. Nire lehenengo urratsak Amurrioko Escorpio taldearekin izan ziren. 18 urte nituen orduan eta akordeoia, teklatua eta sintetizadoreak jotzen nituen.
1970eko hamarkadan gitarra-elektrikoak oso gauza berritzailea ziren, eta gu olatu berri horretara batu ginen, ordura arte orkestra tradizionala zena ordeztuz. Makina bat txokotan eskaini genituen kontzertuak, baita Bilboko, Gasteizko edota Donostiako Aste Nagusietan ere.
Nola iritsi zinen Ganeko erromeria osatzera?
Escorpio taldearekin ematen genituen kontzertuak ez ziren nahikoa bizitza aurrera ateratzeko, eta beste hainbat lanetan aritu nintzen orduan, gehienak musikarekin lotuak: musika irakasle aritu nintzen, Bilboko musika-denda batean egin nuen lan… Batetik bestera ibili ostean Deustuko Casa Vasca jatetxe ezagunean musikari sartzeko aukera izan nuen, soldatapean. Hiru urte eman nituen bertan.
Alde egin nuenean anaia Prudenen tailerrean hasi nintzen lanean, eta tarteka bakarka jotzen nuen akordeoia. Orduan batu nintzen Urduñako Ricardo Telleria Kanpanera-rekin eta Conjunto Ganeko taldea sortu genuen. Oso musikari ezaguna zen Kanpanera, saxofoia jo eta abestu egiten zuen berak.
Urte hauetan guztietan Aiaraldeko herri guztiak zeharkatu dituzu.
Harritzen nauena da oraindik ere Aiaraldeko herri ia guztietan jotzen jarraitzen dudala (barreak). Publikoak nahi duen bitartean eta osasuna alde izanez gero, hemen jarraituko dut.
Aiaraldeko jai bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Ez naiz festa bakarrarekin geratuko. Jai askotan urteak daramatzat kontzertua eskaintzen, nire izatearen parte dira eskualdeko jaiak.
Nola erantzuten du eskualdeko publikoak?
Ondo, oso ondo. Gainera azken urte hauetan dantza gogoko duen pertsona talde majo bat sortu da Laudio eta Amurrio artean eta kontzertuz kontzertu ibiltzen dira; dantzaldiei haize freskoa ekarri diete. Poztekoa da horrelako jende taldea gertu izatea.
Zenbat kontzertu eskaintzen dituzu uda sasoian?
Uda sasoian zenbat diren esatea konplikatua da; urte osoan 95 emanaldi inguru izango dira. Neguan ez dugu erritmoa jaisten, dantzaldiak eskaintzen ditut Laudion, Amurrion eta Aretan.
Ez da erraza izan behar musika ogibide izatea, ezta?
Ez musika soilik, artea eta kulturarekin zerikusia duen edozer oso bide sakrifikatua da.
Askotan beste aukera bat bilatzea besterik ez dago bizitza aurrera atera ahal izateko.
Hasieran aipatu duzu uda sasoian boladan dagoen abestiren bat edo beste gehitzen duzula zure errepertoriora. Zein da aurtengo abesti hori?
Aurten Kanarietako Nueva Linea taldearen Noche de Copas abestia prestatu dut zuzenekoetan jotzeko.